Finalerako txartela lortu du Eneko Sagarmendi mutrikuarrak
Master Cupeko kanporaketak lehiatu eta finalerdia irabazi ondoren, Astelena pilotalekuan izango du final handia lehiatzeko hitzordua, igandean [apirilak 3].
Igandean lehiatu dira, Beasainen, Euskal Pilota Egokituko Master Cupeko lehen kanporaketak eta bertan aritu da Eneko Sagarmendi mutrikuarra, izugarrizko emaitzak lortuz.
Kanporaketako bi partida lehiatu ditu, Lorea Iribarrekin batera, eta nagusitasunez eskuratu dituzte garaipenak. Lehenengo partida 12-3 irabazi dute, Aritz eta Laurak osatutako bikote zarauztarraren aurka. Bigarren partida, berriz, Juan Luis eta Antonio, bizkaitar bikotearen aurka 12-5 bukatu da.
Bikote lehiakorra osatzen dute Sagarmendi eta Iribarrek eta kanporaketa biak irabazita, finalerdietarako txartela lortu dute zuzenean. Joseba eta Xabierren kontra lehiatu dute finalerdiko partida, eta 15-5 emaitzagaz lortu dute finalerako pase zuzena. “Oso pozik” dagoela adierazi du Sagarmendik, egun “polita” igaro dute .
Eibarko Astelena pilotalekuan lehiatuko da final handia, eta “oso gogotsu” dagoela adierazi du mutrikuarrak, egun handia izango da, bai jokalarientzat, eta baita ikusleentzat ere. Gainera, zuzenean ikusteko aukera egongo da, ETB1ek emitituko baitu zuzenean.