Joxemi eta Ametzak txapela lortu dute Mutrikuko Binakako Pala Txapelketan
Parte hartze handia izan du aurten ere Mutrikuko Pala Txapelketak, eta hain zuzen ere, bi bikote mutrikuarrek lortu dute finaleko txartela, bigarren mailan eta hirugarren mailan.
Zapatuan lehiatu ziren 2022ko Mutrikuko Binakako Pala Txapelketako finalak, Miruaitzen. Hiru kategoriatako finalak lehiatu ziren eta hain zuzen ere, bigarren mailan, Joxemi eta Ametza mutrikuarrek eskuratu zuten txapela.
9:00etan eman zioten hasiera azken txanpako partidei. Hirugarren mailan, Julen eta Martin, Fermin eta Iosuk osatutako bikote mutrikuarraren aurka lehiatu ziren, eta 25-14 emaitzagaz, Fermin eta Iosu mutrikuarrak txapela eskuratzeko bidean geratu ziren. Bigarren mailan jokatu zen partidan berriz, Joxemi eta Ametza mutrikuarrek txapela janztea lortu zuten Landa eta Olazabalen kontra, ondo lehiatutako partida 25-16 bukatu zen.
Lehenengo mailan, berriz, oso partida gogorra jokatu zuten Jokin eta Erleagak, Kepa eta Gorkaren aurka. Ordu eta erdi inguru aritu ziren lehian, tantoak landu zituzten bikoteek eta fisikoki une onean daudela agerian utzi zuten. Final oso parekatua izan zen, 21-21 joan zen markagailua une batez, baina azkenean, 21-25 aurreratu ziren Kepa eta Gorka, Binakako Pala Txapelketako lehen mailako irabazle bilakatuz.
Antolatzaileak oso pozik agertu dira txapelketak izandako bilakaerarekin eta baita mutrikuarrek eskuratutako txapelarekin ere. Giro paregabea izan dute uneoro eta horrek indarrak ematen dizkie hurrengo urtera begira ere txapelketa aurrera eramateko.