Lea Ibarra Motrollo taldeko Arrizabalaga eta Gaminde, binakako txapeldunak
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak irabazi dute Master Laboral Kutxako binakako txapelketa, Amaia Aldai eta Andrea Capellanen kontra. Klubaren lana nabarmendu du gernikarrak.
Hirugarren finalean, txapela lortu du Olatz Arrizabalaga Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteko pilotariak. Binakako hirugarren finala izan zen domekakoa [martxoak 27], eta aurreko bietako arantza kendu du. Bere taldeko Enara Gaminde atzelari laukiztarragaz batera irabazi du Master Laboral Kutxako binakako txapelketa. Elite mailako pilota mistoko domekako finalean 3 eta 22 mendean hartu zituzten Amaia Aldai dimoztarra eta Andrea Capellan errioxarra, Irungo Uranzu pilotalekuan.
Arrizabalagak aitortu du txapela irabazteko erronka hori dela eta, beldur apur bategaz heldu zela finalera: «Aurreko bietan penaz egon nintzen, nire maila eman bai, baina azkenengo pauso hori eman ez izanagatik. Pozarren nago».
Nagusitasuna, hasieratik. Hasieratik nagusi izan zen Arrizabalaga-Gaminde bikotea. Aldai eta Capellan ahalegindu ziren, baina ezinean aritu ziren. Espero zutena baino garaipen errazagoa izan da; izan ere, gernikarrak esan modura, partidu gogorra espero zuten: «Hasieran ikusi dugunez hain ondo hasi garela, hobeto jokatzerik ez zegoela, eta Andreari urduritasunak apur bat gehiago eragin diola, erabaki dugu aurrera segitzea».
14 urtegaz binakako txapeldun izatea lortu du Laukizko atzelariak; ez da, ez, edozelako marka: «Ez dut inoiz pentsatu halakorik irabaziko nuenik, eta gutxiago 14 urtegaz. Txapelketa oso ona egin dugu, eta gaur ez genuen halako emaitzarik espero. Uste dut gure lana oso ondo egin dugula; Amaia desesperatzen saiatu gara, eta lortu dugu». Orain arteko partiduetan erakutsi duen konfiantza erakutsi zuen beste behin, gaztetasuna ez zitzaion igarri kantxan. Sendo eta seguru jokatu zuen finalean ere: «Barrutik ez naiz egon hain lasai, baina kontrolatzen jakin dut, eta partiduagaz gozatu dut».
0-6ko partzialagaz hasi ziren, eta Arrizabalagari horma-bikoak kanpora alde egitean lortu zuten gorriek euren lehen tantoa. Gero, Aldaik egin zuen euren bigarrena (2 eta 10). Baina Arrizabalagak eta Gamindek partidua erabat apurtzea lortu zuten, eta aurkariek ez zuten zereginik eduki. Aldaik arriskuak hartu zituen, baina ez zitzaion ondo atera. Aurrelari gernikarrak tanto politak egin zituen, eta berme osoko aurrelaria dela berretsi zuen, indartsua, abiadura daukana eta egoki jokatzen duena.
Ligaxkako lehen jardunaldian Eibarko Astelenan lehiatu ziren bikote finalistak, eta finala ez bezala, lehia oso estua eduki zuten orduan. Partidu parekatu hartan, 22 eta 16 nagusitu ziren gernikarra eta laukiztarra. «Ligaxkako partidu hartan ikusi zen euren benetako maila. Baina, beno, finaletara heldu egin behar da, eta finalak jokatu egin behar dira», esan du Arrizabalagak.
Txapelketa bikaina egin dute hasieratik amaierara, borobila. Txapeldunek binakako txapelketako partidu danak irabazi dituzte, oso erregular eta seguru aritu dira. Bikoterik indartsuena izan da, eta hori berretsi zuten finalean. Gaminderen maila goraipatu du beste behin Gernika-Lumoko pilotariak: «Uste dut momentu honetan dagoen atzelaririk onena dela. Sekulako segurtasuna ematen du. 14 urtegaz meritua dauka halako lasaitasunagaz jokatzeak eta aurrelariari lasaitasun hori transmititzeak. Berme oso ona da».
Klubaren lana ere nabarmendu gura izan du gernikarrak, Aldai, Gaminde eta hirurak Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartekoak baitira: «Gutxitan pasatzen da lau finalistetatik hiru klub berekoak izatea, gauzak ondo egiten diren seinale da».