Erasmus+ Aquaview proiektua Mutrikun
Herbehereak, Italia, Austria, Eslovenia, Malta eta Euskal Herriko ikasle eta irakasleek aste betez lan saioak aurrera eraman zituzten Mutrikuko Kardala LHIIn.
Erasmus+ Aquaview proiektuaren barruan, akuakultura lantzen duten lanbide heziketako ikasle eta irakasleak etorri ziren Mutrikuko Kardala LHII akuakultura eskolara. Astebeteko lan saioari ekin zioten, hain zuzen ere, martxoaren 7tik 11ra.
Proiektuaren helburua, besteak beste, Europa mailan, erdi maila eta goi mailako akuakultura ikastaro estandarizatua garatzea da. Hau da, Europako edozein herrialdetan burututako ikasketak beste edozein herrialdetan baliozkotuak izatea. Horrez gain, guztien artean ikasturtea koordinatu eta ikasleek formakuntza osoa Europako herrialde ezberdinetan garatu ahal izatea.
Aquaview proiektuaren baitan, Herbehereak, Italia, Austria, Eslovenia, Malta eta Euskal Herriko ikasle eta irakasleek aurretik prestatutako unitate didaktikoak landu zituzten Mutrikuko lanbide heziketako eskolan, eta hauen balorazioa egin zuten.
Aste osoan igaro zuten herrian. Egunean zehar bi ekimen ezberdin burutzen zituzten, goizez, saio teoriko, praktiko eta online saioak aurrera eramaten, elkarrekintza bateratu batean. Arratsaldez, berriz, saio gastronomiko kulturalak egin zituzten elkarrekin, kulturartekotasuna eta hizkuntza aniztasuna balioan jarriz. Eskolatik aipatu dutenez, “aste ederra izan zen guztientzat, bai pedagogikoki eta baita pertsonalki ere”.