Konposta jasotzeko aukera dute eskualdeko herritarrek
Milloiko Andonegi plantako konposta eskuragarri dago Berriatua, Etxebarri, Lekeitio, Markina-Xemein, Ondarroa eta Ziortza-Bolibarreko herritarrentzat.
Lea-Artibai Amakomunazgoak eskualdeko udalerri batzuetan organikoaren bilketan egiten du, kaleetan jarrita dituen 2.200 litroko edukiontzi marroien bidez. 2018az geroztik, eskualdeko udalerrietan batutako materia organikoa konpostegira eraman izan da eta, orain, konposta hori herritarren eskura jarri da.
Konposta hartzeko bi baldintza bete beharko dira: bosgarren edukiontzia ezarrita dagoen udalerrietako biztanle izatea eta edukiontziaren txartela aurkeztea edo auzokonpostajea egiten dutenen zerrendan egotea. Bi baldintza hauek betetzen dituztenek protokolo bat jarraitu beharko dute konposta hartu ahal izateko.
Lehenik, aldez aurretiko eskaria egin beharko da 900 10 48 78 telefono zenbakira deituz. Eskaera egitean, hurrengo datuak eman beharko dira: izen-abizenak, helbidea, udalerria eta organikoaren txartelaren zenbakia edo auto/auzokonpostajearen parte hartzen dutela ziurtatu.
Behin eskaera onartutakoan, telefonoz zehatutako egun eta orduan joan ahalko da eskatzailea Andonegiko plantara. Etxebizitza bakoitzak konposta behin hartzeko aukera izango du eta, gehienez ere, 1x1x1 metroko tamainako zakua bete ahalko du. Eskatzailea izango da konposta jaso eta garraiatzeko materialak (zakua, pala eta ibilgailua) ekartzearen arduraduna.
Azkenik, konposta bigarrenez hartu nahi izanez gero eskaria berriz burutu behar da, eta Amakomunazgoak izandako eskarien arabera erabakiko du onartzea ala ez.
Aipatu dutenez, hartutako konposta ezin izango da saldu edo hirugarren bati eman, ezta Lea Artibai Amakomunazgokoa ez den beste udalerrietan erabili.