Ondarroatik Katowicera, elkartasun bidaia
Bidaiaren gastuak ordaintzeko laguntza eskatu diete herritarrei, baita umeek kotxean erabiltzen dituzten aulkiak ere.
Poloniako Katowice herrirantz abiatuko dira, domekan [apirilak 3], furgoneta batekin, Alberto Markuerkiaga eta Lucia Ruiz de Erentxun. Ondarroako bilketa berezian batutako materialaren zati eder bat bertan utzi, eta zazpi lagunekin itzultzeko asmoz.
Ondarroatik 2.323 kilometrora dagoen Katowice herria izango da helmuga. Bertan dagoen monasterio batera joango dira eta han utziko dute hemendik eramandako materiala, eta Euskal Herrira etortzeko zain dituzten zazpi lagunekin topo egingo dute.
Galdakaoko Boluntarioak taldea arduratu da prozesu guztia kudeatzeaz. Bidaiak sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 3.000 euro behar dituzte, batik bat, erregaia ordaintzeko. Horretarako kontu korronte bat ahalbidetu dute: ES93 2100 3910 1002 0011 0920. Bizum bidez ere egin daitezke ekarpenak: 05028. Aipatu dutenez garrantzitsua da diru bidalketak egitean, kontzeptu gisa “Ondarroa” ipintzea. 3.000 euroak gainditzea lortuko balitz, soberakina Galdakaoko Boluntarioak elkartearentzat izango litzateke, egiten ari diren lanarekin jarraitu ahal izateko. Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez, babestu egingo dute ekimen solidarioa.
Etorriko diren zazpi lagunen artean umeak daude, hortaz, autoetan umeek erabili ohi dituzten aulki bereziak behar dituztela ere aipatu dute. “Batzen ditugun aulkitxoak bertara eramango ditugu; behar ditugunak erabili, eta besteak bertan utziko dira, beste ume batzuk erabili ahal izan ditzaten”. Herritarrei dei egin diete halako aulkitxorik soberan izanez gero Dra! jolas dendan uzteko.