Abian da 22. Augustin Zubikarai nobela saria
Lanak irailaren 30a baino lehen entregatu behar dira mrey@ondarroa.eus posta elektronikoan.
2022ko Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du Ondarroako Udalak, irailaren 30era arte. Beka irabazten duen proiektuak nobela bat argitaratuko du Elkar argitaletxearekin eta 6.000 euroko saria jasoko du Ondarroako Udalaren eskutik.
Arantza Atxurra Euskara zinegotziaren iritziz euskal idazleen harrobi eta inpultso lana egoteko behar beharrezkoak dira horrelako egitasmoak: “Idazleen lana sustatu behar dugu erakunde publikoetatik. Askotan, idazle hasi berriak dira edo horrelako sariketei esker argitaratzen dituzte euren lehen nobelak. Ikaragarria da Augustin Zubikarai nobela beka irabazi duten idazle askok gerora izan duten bilakaera. Oso pozik gaude hogeitabigarren aldiz Ondarroako Udalak egitasmo hau antolatzeaz”.
Sariketara euskara hutsean sortutako proiektuak aurkez daitezke. Era berean, lan horiek jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu gabeak izan beharko dute.
Parte hartu nahi dutenek, ondorengo informazioa bidali beharko dute:
- Landu nahi duen kontakizunaren azalpena (2.000 eta 6.000 karaktere bitartean) ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
- Idazlanaren lagina (15.000 eta 40.000 karaktere bitartekoa) ez du zertan hasiera izan behar, baina bai kontakizunaren zati bakarra osatzen duena.
- Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiria eskaneatuta.
Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko dute irabazle. Beka eman gabe utz dezakete, aurkeztutako proiektuen behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero. Aipatu bezala, irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du eta urtebeteko epea izango du, gehienez, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko (150.000 karaktere gutxienez).
Zalantzak argitzeko Ondarroako Udaleko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri daiteke, 946 83 36 68 zenbakira deituta edota mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora idatzita. Baita Elkar argitaretxearekin harremanetan jarrita ere, 943 31 02 67 zenbakira deituta edo liburuak@elkar.eus helbide elektronikora idatzita.