Nabarniz jatetxea gailendu da Aulestiko zaldi-mando probetako sailkapenean
Nabarniz jatetxeak irabazi du zaldi nagusi mailako sailkapena; Mungiako Garcia Alabak sailkatu da bigarren, eta Aulestiko Koba hirugarren.
Joandako asteburuan eta astelehenean Aulestiko zaldi mando probak egin dituzte. Martxoaren 20an eta 21ean kinttopeko probak lehiatu ondoren, bigarren txanda horretan nagusi mailako zaldi probak egin dituzte, Aulestiko Udalak antolatuta. Larunbatean, hilaren 26an, Gamiz-Fikako Torrontegi, Guriezoko [Kantabria] Fermin Santamaria eta Samanoko [Kantabria] Jose Iturriaga zein baino zein gehiago aritu ziren, 20:00retan abiatutako saioan; hurrengo egunean, 18:00etan hasita, etxean lehiatzen zuen Koba, Mungiako Goieta taberna eta Samanoko Sergio Iturriagak lehitu zuten zaldi mando proba; azken jardunaldian, 21:00etan hasi zen astelehenekoan, Nabarniz jatetxea eta Mungiako Garcia Alabak ibili ziren norgehiagokan.
Proba guztiak eginda, Nabarniz jatetxeak eskuratu du garaipena, 72 untze eta 3/4egaz. Bigarren postuan, aldiz, Garcia Alabak sailkatu da, 63 untzegaz, eta Koba izan da hirugarren, 62 untzegaz. Sailkapena Goieta tabernak (60 untze), Torrontegik (59 untze eta 1/2), Jose Iturriagak (52 untze), Fermin Santamariak (51 untze) eta Sergio Iturriagak (46 untze) osatu zuten. Txapelketako irabazleak 800 euro, Aulestiko Udalaren manta eta urdaiazpikoa jaso zituen, sari modura. Podiuma osatutako bigarrenak eta hirugarrenak, ostera, 700 eta 650 euro jaso zituzten, hurrenez hurren. Lea-Artibaiko sari bereziak ere egon ziren, eskualdeko parte-hartzaileei zuzenduta; sailkapen horretako irabazleak, hain zuzen ere, 200 euro eta Ibetarrik emandako manta jaso zituen. Kinttopeko probetako sailkapenean Berriatuko Belaustegi izan zen Lea-Artibaiko lehendabizikoa, Aulestiko Ibekohondoren aurretik. Nagusien sailkapenean Aulestiko Koba izan zen aurreratuena.