Boga! mendi martxako izen ematea zabalik dago
Boga mendi martxa, Ondarroako Zubi Zahar Ikastolak, Aurrera Mendi Taldearen laguntzarekin antolatutako mendi irteera, apirilaren 24, domekan, burutuko da eta bi ibilbide izango ditu.
Internet bidezko izen-ematea jada irekita dago boga.aurreramt.org webgunearen bidez eta apirilaren 21a arte egongo da zabalik. Antolakuntzatik aipatu dutenez, izena ematean, inprimakia betetzeaz gain, ordainketa egin behar da izen-ematea bukatzeko: 14 urtetik gorakoek 13€ eta 14 urte edo gutxiagokoentzako 5€.
Nahi izanez gero, izena emateko aukera egongo da martxako egunean bertan, irteera baino ordu bete aurretiaz. Baina antolakuntzatik aipatu dutenez, internet bidezko izen ematea bultzatu nahi dute, kudeaketa lanak aurretiaz egiteko erraztasunak ematen dituelako.
Martxa honek hainbat helburu desberdin ditu baina antolatzaileek bi azpimarratzen dituzte. Lehena, hurbiltzen diren mendigoizale guztiek Ondarroaren inguruko paisaiak eta toki bereziak ikustea eta ezagutzea mendi martxa bat eginez. Bigarrena, aldiz, mendizale guztientzako jaialdi bat ospatzea eta haur zein nerabeei mendiak duen ezaugarri positiboak erakustea.
Aurten ez da ibilbide luzerik egingo, “azaroan hartu behar zen martxa antolatzeko erabakia, baina azaroan pandemiaren egoera zein zen ikusita ez genuen posible ikusten”. Orain egoera hobetu dela ikustean, martxa antolatzeko erabakia hartu dute, baina denbora tartea zein zen ikusita, ibilbide motza eta txikia egitea erabaki dute.
- Ibilbide motza: 8:00etan abiatuko da Zubi Zahar ikastolatik, Kalamendi eta Tontorramendi igoko dituzte, 22,5 kilometroko ibilbidean. Bost ordu eta erdian egiteko modukoa da eta 800 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute.
- Ibilbide txikia: 10:00etan abiatuko da Zubi Zahar ikastolatik, Tontorramendira egingo dute irteera eta 11 kilometroko ibilbidea izango da, hiruzpalau ordutan burutzekoa eta 400 metroko desnibel positiboa izango duena.
Antolakuntzatik gonbidapena zabaldu dute, egun pasa egin nahi duten familia guztiei eta mendian denbora bat igaro nahi duen orori. Gainera, ohikoa den bezala, aparkalekuak moldatu dituzte parte hartzaileentzat: Kiroldegian, Anexoan eta Institutuan.
Aurten gainera, plastikoaren erabilerari buruzko gogoeta egin eta erabaki batzuk hartu dira. Ibilbidea ez da plastikoz markatuta egongo, oihal berrerabilgarriekin egingo da. Edalontziak ere berrerabilgarriak izango dira eta parte hartzaileei gonbita egiten diete, nahi eta ahal izanez gero, beraien edalontzia eramateko, horrela, plastiko gutxiago sortzeko helburuagaz.