Martxan dabilen herri baten aldarria
22. Korrika Amurrion hasi da arratsaldean, eta bertako euskaltegiko irakasleek eraman dute lekukoa lehenengo kilometroan. Apirilaren 7an Lea-Artibaiko eta Mutrikuko herritarrek eskuz esku ibiliko dute lekukoa, eta euskararen aldeko olatu erraldoia apirilaren 10ean Donostian helmugaratuko da.
Hitzekin lelopean, .22. Korrika abian da. Lekukoari ohiturazko aurreskua egin ostean, 16:30ean hasi dira arineketan Amurrion, eta apirilaren 10ean Donostian amaituko duten ibilbideari ekiteko ohorea bertako euskaltegiko irakasleek eduki dute. Horiena izan da lehenengo kilometroa. Ohore eta esker hitzak izan dituzte ahotan.
Euskarak jasaten dituen erasoak, oztopoak eta zailtasunak izan dituzte hizpide, eta batez ere elkarlana azpimarratu dute hasierako ekitaldian, “martxan dabilen herri bat” garelako. “Ametsak egi bihurtu ahal ditugu, Korrika hasi eta 42 urte geroago ere, hemen gaude-eta. Korrika bezala, guk ezin dugu atzerapausorik egin euskararen erronkan, hizkuntza eskubideetan. Euskaraz biziko bagara, gure hizkuntzaren ezagutza unibertsala bermatu behar dugu, eta orain eraiki horra eramango gaituzten bideak. Beraz, ekin. Aldeko hitzak hutsalak dira ekintzetan erditu ezean”.
“Gora euskara eta gora korrika! Gora bihotzak eta biba zuek!” Horrela eman dute ongi etorria AEKren arduradunek: “Duela hiru urte, 21. Korrikak amaiera bikaina izan zuen Gasteizen, eta Korrikak dituen ohiturei jarraiki, argi genuen ez ginela Arabatik mugituko 22. Korrika abian jartzeko. Amurriok hartu du edizio berriaren hasieraren ardura, eta oparia. Euskararekin eskualde aktibo eta indartsu duzue Aiaraldea”, adierazi du Kaitin Allendek.
Euskararen aldeko lasterketak 2.500 kilometro egingo ditu Euskal Herri osoan. Lea-Artibai eta Mutrikura apirilaren 7an ailegatuko da. Ordura arte Korrika kulturaleko ekimenak egongo dira. Horrela, zapatuan [apirilak 2] Korrikarako petoen marrazketa egongo da 17:00etan, Ziortza-Bolibarko frontoian, eta ondoren, Korrika Txikia eta kopaua izango dituzte. Etxebarrian berriz, Uhinak dokumentala izango dute barikuan [apirilak 1] 19:00etan, kultur aretoan. Eta, ondoren, kilometroen kokapenaren aurkezpena.