Berdel Eguna gogoz hartu dute mutrikuarrek
Gaur [apirilak 2] goizean eguzkiak ez du distirarik egin, zenbait unetan euria ere egin du, eta lainoak azkeneraino mehatxatu dute, baina ezerk ezin izan du zapuztu bi urte itxaron dutenen Berdel Eguna. Urtero legez, hitzordura hutsik egin ez zuten ehunka lagunek parte hartu dute Mutrikuko jai ezagunean.
Mutrikuko 25. Berdel Eguneko berdel pintxo dastaketa herrikoia. Aurreikuspenek kontrakoa bazioten ere, azkenean giro ona izan da nagusi Mutrikuko Berdel Egunean. Goizeko lehen orduetan euria eta haizea egon badira ere, euriak etenaldia egin du eguerdian, eta hainbat izan dira moilara gerturatu direnak berdel pintxo dastaketa herrikoiarekin gozatzeko.
Guztira, 20.000 pintxo prestatu dituzte, horietatik 4.200 pintxo inguru berdel errearenak izan dira eta besteak, berriz, herriko boluntarioek eta sukaldariek mimo handiz prestatuko sei errezeta bikain: berdela berdura eta bexamelarekin (Pikua jatetxea), Berdel piperrada (Feli Sololuze, Marga Harinas eta Andone Oyanguren), Berdela tenpuran tomate gazi-gozo konfiturarekin (Arno Batzokia), Berdel tartarra aguakatea, piperra eta amurrain arbixekin (Valentin Zumalabe), Kaneloiak berdela eta berdurekin (Azkenetxe Ristorante) eta Berdel frijitua eskabetxean (Ortiz kontzerbak). Horrez gain, marmitakoa ere egon da.
Berdel pintxo dastaketa herrikoian parte hartzen dutenak euritik babestuta egon daitezen karpa erraldoi bat jarri du portuan udalak, eta karpa azpian eta inguruetan bildutako jendea guztia probatu nahirik ibili da. Beti bezala, boluntarioek umore onez eta irribarrez erantzun diete. Batzuk prestatzen eta beste batzuk zerbitzatzen, dena ematen dute festa arrakastatsua izan dadin. Besteak beste, boluntarioen artean egon da, aurten ere, apirilaren 17an 86 urte beteko dituen Feli Urreizti, Mutrikun Feli Kotxorro izenez ezaguna.
Ohi modura, portuko giroa pixkanaka joan da berotzen, baina azkenean ia dena bete da, eta mokaduz mokadu pintxoak ere amaitzen joan dira.
Kontzertua. Urteroko pintxo dastaketarekin batera, ez da falta izan 25. Berdel Egunean ere, herriko abesbatzen kontzertua. Jaiak daraman 25 urteetan aritu izan dira herriko abesbatzak egunari doinua jartzen, eta gaurkoan, eguraldiagatik Zabiel Plazan abesteko aukerarik egon ez denez, Santa Katalina komentuaren aterpean eskaini dute kantaldia. Korala eta Madalen Txikik, Anaiarte Abesbatzak eta Madalen Abesbatzak egin dute kantuan Roberto Vergara eta Julia Iriondoren gidaritzapean. Maite Mugartegik lagundu die akordeoiarekin.
Komentua entzulez bete da, eta kanta bakoitza txalo zaparradarekin eskertu dute. Parte-hartzaile guztiek eta publikoak batera abestuz eman diote amaiera kontzertuari.
Mutrikuko ekoizle eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera ere eskaini du jaiak. Bestalde, Berdel Egunaren 25 urteak laburbiltzen dituen argazki zaharren erakusketa jarri dute Zabielen: 44 argazki eta bideo bat. Bihar goizean ere ikusgai egongo da erakusketa.