Aimar eta Ibon Aldazabalek garaipenagaz hasi dute Daniako Jai Alai txapelketa
Berrituko pilotariek Zulaika eta Ubillaren kontra jokatu zuten, eta 16-21 irabaztea lortu zuten. Finalerako txartela eskuratzeko bidean, Olharan eta Etchetoren aurka jokatuko dute, eguenean.
Bariku gauean (Euskal Herrian, goizaldean) jarri zen abian Dania Jai Alai zesta punta txapelketa. Battle at the Palace izena eman diote lehiaketa horri, eta bertan aritu ziren Aimar eta Ibon Aldazabal. Berriatuko anaiak zapatuan jokatutako bigarren jardunaldiko partiduetako lehendabizikoan aritu ziren, txapelketako bigarren egunean, 19:00etan hasita. Jon Zulaika eta Gorka Aldazabal Ubillaren kontra jokatu zuten Aldazabaltarrek.
Norgehiagoka horren berezitasunetako bat Aimar Aldazabalen postu aldaketa izan zen; azken boladan (kasurako, jokatu berri duen Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Series txapelketan) atzelari modura ibili izan arren, frontoiaren aurrealdeko koadroetara itzuli zen, hau da, bere postu naturalera. Berriatukoek partidu lehiakorra eta gogorra jokatu zuten Zulaika eta Ubillaren aurka, eta, azkenean, 16-21 irabazi zuten.
Dania Jai Alai txapelketak atsedena hartuko du eguenera arte. Egun horretan Aimar eta Ibon Aldazabalek ordea, Jean Olharan eta Nicolas Etcheto izango dituzte aurkari. Bi anaietan zaharrenak, Aimarrek, sobera ondo ezagutzen dituen arerioak dira Olharan eta Etcheto; izan ere, oraintsu bukatutako Jai Alai Winter Seriesen parte hartu dute, berriatuarrak bezalaxe. Battle at the Palace-eko final handia domekan izango da.