Hamargarren txapela eskuratu du Sagarmendik
Euskal Pilota Egokituko Master Cupeko finala irabazi du Eneko Sagarmendi mutrikuarrak, Lorea Iribarrekin batera.
Domekan lehiatu zuten Eneko Sagarmendi eta Lorea Iribarrek, Eibarko Astelena pilotalekuan, Master Cupeko finala, eta lehia estuaren ostean txapela eskuratu zuen bikoteak, 25-21eko markagailua lortuz, Sheila Cueton eta Iraitz Huegunen aurka.
Sekulako giroa egon zen Eibarko pilotalekuan eta pilotariek sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Espero zen bezala, Sagarmendi eta Huegunek elkarren artean duten lehiakortasuna Astelenan ere agerian geratu zen, duten mailaren erakusgarri. Mindara elkarteko bi pilotariak erreferenteak dira maila honetan eta, eurek eraman zuten partidaren pisua. Pilota egundoko abiaduran mugitu zuten bi atzelariek eta, gorriak aurretik joan izan baziren ere, lehia ikaragarri orekatu eta lehiatua izan zen Astelenan lehiatutako, berdinketa ugarirekin.
Azkenerako, ordea, garaipena Sagarmendi eta Iribar, gorrientzat izan zen. Sagarmendi pozik agertu da emaitzarekin, “partidu gogorra izan da baina, aldi berean, oso polita. Lagunak etorri dira eta asko animatu naute, hori pozgarria da”.