III. Berdel txapelketako irabazleak
Barikuan, Berdel bezperan lehiatu ziren lehen eta bigarren mailako finalak, 22:00etan, Miruaitzen.

Danok Bat pilotazale elkarteak antolatzen duen III. Mutrikuko zesta-puntako Berdel Txapelketaren finaleko partidak lehiatu ziren Miruaitzen.
22:00etan eman zioten hasiera bigarren mailako finalari. Unax eta Ortzi lehian aritu ziren Gonzalo eta Uretaren aurka. Lehen buruz burukoan, 13-7 aurreratu ziren Unax eta Ortzi, baina bigarrenean berriz lehia bizian aritu ziren, geroz eta zailagoa zen tanto bat egitea eta jokaldi politak egon ziren 12-13 amaitu zen partidan. Dena azkenengo partidan erabaki behar zen, eta partida ikusgarri baten ostean, 5-3 aurreratu ziren Unax eta Ortzi, txapeldun bilakatuz.
Lehenengo mailakoen txanda zen, Eñaut eta Uranga, Antxon eta Zugaitzen aurka lehiatu behar ziren, txapelketari amaiera emango zion finaleko partidan. Begirada guztiak laukotearen gain zeuden, giro paregabea zegoen Miruaitzen, jendea asko hurbildu zen eta Berdel bezperako gogoak nabaritzen ziren. Gainera, aurretik izandako partidako jokaldiek giroa piztu zuten.
Nor baino nor gehiagoka hasi zen Miruaitzen, eta lehia bizia zegoen, bikote biek eman zuten beraien onena eta hori agerian zegoen. Lehenengoan, 13-11 aurreratzea lortu zuten Eñaut eta Urangak. Bigarren partidan zeuden orain begirada guztiak, azkena izan zitekeen partidan. Estua izan zen, eta aldi beran, ikusleentzako oso polita. Azkenean, erabakigarria ere izan zen, berriz ere, Eñaut eta Uranga izan baitziren markagailuan aurreratu eta 13-8ko emaitza lortu zutenak. III. Berdel afizionatuen txapelketako irabazle bilakatuz.
Antolakuntzatik pozik agertu dira txapelketak izandako ibilbidearekin, parte hartze ona egon da eta partidak finalean izandako giroak babestu egiten du nolabait txapelketa.