Ondarrutarrek lau bandera lortu dituzte Bizkaiko Batel Txapelketan
Nesken gazte, kadete, txiki eta alebin kategorietan geratu dira txapeldun ondarrutarrak. Isuntzakoek zilarrezko eta brontzezko dominak irabazi dituzte. Artibai txapeldunorde geratu da nesken alebin mailan, eta Lea, berriz, laugarren sailkatu da gizonezkoen kadete mailan.

Lea-Artibaiko arraun elkarteen harrobiko lana nabarmendu da Bizkaiko Batel Txapelketan. Ondarroa Arraun Elkartearentzat egun historikoa izan zen atzokoa [apirilak 3]. Lau banderagaz bueltatu ziren Bizkaiko Batel Txapelketatik. Emakumeek lortu dituzte lau banderak, gazte, kadete, txiki eta alebin mailetan, 2022ko txapeldun geratuz.
Isuntzakoek ere emaitza bikainak lortu dituzte; lekeitiarrak txapeldunorde geratu dira mutilen kadete eta alebin kategorietan, eta brontzezko dominak eskuratu dituzte nesken kadete, gazte eta ume mailetan.

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.
Zapatuko sailkapen estropaden ostean, atzo erabaki ziren Bizkaiko txapeldunak. Emakumezkoen gazte mailan Ondarruk 10 minutu, 5 segundo eta 35 ehuneneko markagaz lortu zuen bandera, eta 29 ehunen atera zizkion Kaiku bigarrenari. Isuntzakoentzat izan zen brontzezko domina, Ondarrurengandik 9 segundo eta 24 ehunenera sailkatuta. Gizonezkoetan, berriz, Itsasoko Ama izan zen azkarrena: 09.19,45. Ondarru bigarrena 2 segundo eta 64 ehunenera geratu zen eta Deustok osatu zuen podiuma (09.30,67).
Kadeteetan Ondarru eta Isuntza sartu ziren nesken podiumean. 7 minutu, 56 segundo eta 75 ehuneneko denbora egin zuten ondarrutar txapeldunek; 19 ehunenera sailkatu ziren Zierbenakoak eta 3 segundo eta 45 ehunenera Isuntzakoak. Mutiletan, berriz, Lekeitioko arraun taldeak zilarrezko domina irabazi zuen, Deustorengandik 6 segundo eta 37 ehunenera sailkatuta. 06.54,91 markagaz irabazi zuen bandera Deustok. Kaiku sailkatu zen hirugarren (07.01,28), eta Lea laugarrena izan zen, Deustorengandik 14 segundo eta 31 ehunenera sailkatuta.
Ume kategorian 5 minutu, 5 segundo eta 5 ehuneneko markagaz nagusitu zen Ondarru emakumezkoetan. 5 segundo eta 40 ehunen atera zizkion Kaiku bigarrenari, eta 7 segundo eta 26 ehunen Isuntza hirugarrenari. Artibai sailkatu zen Isuntzaren atzetik; 5 minutu, 14 segundo eta 46 ehunenetan burutu zuten estropada Artibaiko arraunlariek. Gizonezkoen podiuma Arkotek, Itsasoko Amak eta Elantxobek osatu zuten, eta Ondarru laugarren geratu zen.
Alebin kategorian, nesketan , 02.30,36 denbora egin zuen Ondarru txapeldunak eta lau segundo eta 98 ehunen atera zizkion Artibai txapeldunordeari. Kaikuk ere podiumean sartu zen (02.42,46). Mutiletan Mundakak lortu zuen bandera: 02.29,14, eta Isuntza bigarren (02.32,73) eta Arkote hirugarren (02.37,00) sailkatu ziren. Ondarruk laugarren amaitu zuen, txapeldunarengandik 13 segundo eta ehunen bakarrera.
Nagusien kategorian, absolutuetan Ondarruko emakumezkoen taldea sartu zen podiumean. Deustoren eta Kaikuren atzetik sailkatuta, brontzezko domina irabazi zuen talde ondarrutarrak. 09.54,12 markagaz lortu zuen bandera Deustok, eta 12 segundo eta 73 ehunenera geratu zen Kaiku txapeldunordea. Ondarru irabazlearengandik 14 segundo eta 21 ehunenera sailkatu zen, eta Isuntza laugarrena, berriz, 35 segundo eta 67 ehunenera. Gizonezkoetan Zierbena izan zen azkarrena: 08.34,74 eta Bermeo da aurtengo txapeldunordea. Bermeokoak Zierbenakoengandik 4 segundo eta 35 ehunenera geratu ziren. Kaikurentzat izan zen brontzea (08.57,93).

Argazkia: Bermeo Arraun Argazkiak.