Uztailaren 2an hasiko dira Eusko Label eta Euskotren ligak
Bilbon abiatuko dira txapelketak uztailaren 2an jokatuko den erlojupekoarekin. Irailaren 18an amaituko dira, berriz, Portugaleten. Ondarroako estropada abuztuaren 13an izango da.
Traineru Kluben Elkarteko (TKE) bazkideek udarako egutegia onartu zuten zapatuan. Bilbon abiatuko dira txapelketak uztailaren 2an jokatuko den erlojupekoarekin. Irailaren 18an amaituko dira, berriz, Portugaleten, Corte Ingles Banderarekin. Bi egun horien artean, Eusko Label Ligako 20 jardunaldi eta Euskotren Ligako 14 jardunaldi izango dira, play-offetako bi kanporaketez gain.
Eusko Label Ligak 20. aldia beteko du aurten, eta hortaz, 20 jardunaldi izateko “ahalegina” egin du bigarrenez, TKEk. Gainera, Euskotren Ligari bi jardunaldi gehitzea onartu dute bazkideek.
Egutegiari dagokionez, Eusko Label Liga eta Euskotren Liga Galizia, Kantabria eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako uretan jokatuko dira: lau jardunaldi Galizian, bat Kantabrian eta gainerakoak euskal uretan. Lekeitioko Bandera uztailaren 31n lehiatuko da eta Ondarroako estropada abuztuaren 13an izango da.
Berritasunak ere baditu aurtengo egutegiak; izan ere, Getariako uretan lehiatuko dira lehenengo aldiz, eta gainera, Getxoko estropada eremua aldatu egingo dute, aurten, portu berrian jokatuko da.