Udaberriko Azokaren balorazio "oso positiboa" egin dute Munitibarren
Munitibarko Udalak joan den domekan egindako Udaberriko Azokaren balorazio "oso ona" egin, eta datozen urteei begira ere ekimen hori antolatzen jarraitzeko asmoa berretsi du.
Joan den domekan, hilaren 3an, Udaberriko Azoka egin zuten Munitibarko pilotalekuan, 10:00etatik 15:00retara bitartean. Munitibarko Udalak antolaturiko merkatu horretan, Lea-Artibaiko, Busturialdeko nahiz inguruko eskualdeetako ekoizleek beraien produktuak aurkeztu zituzten, hainbat salmahaitan antolaturiko eremuan. Besteak beste, elikagai ekologikoak, egur tailak, arropa postuak, bitxi artisauak, haziak zein belarrak, umeentzako osagarriak edota osagarri jasangarriak egon ziren Udaberriko Azokan.
Halaber, udal aretoan Txaramela izeneko umeentzako tailerra egin zuten, 12:00etatik 13:30era. Bertan, haurrek artisau pasta ekologikoa zelan egin ikasi zuten. Udalak 30 lagunentzako edukiera izango zela aurreratu zuen arren, leku denak bete ziren azkenean. Antolatzaileek argitu dute azokaren balorazioa “ezinhobea” dela, eta, hurrengo urteei begira, egitasmo horregaz “aurrera egiteko prest” daudela: “Oso ederra da inguruko eremuetako herritarrak eskuz, ekologikoki, modu arduratsuan eta auzolanean egindako produktuak saltzen ikustea, eta bertoko herritarrek ere esfortzu zein maitasun hori guztia igarri egiten dute”.
Hain zuzen ere, azaldu dute munitibartarrak “begi oso onez” hartu zutela azoka; logistika aldetik ere, “kudeatzen oso erraza” izan zela adierazi dute: “Atontzen oso erraza izan zen, eta, behin guztia amaituta, eremua hasi orduko zegoen bezala laga genuen, erraz asko”.Umeentzako tailerra ere bikain atera zen, umeek ikasitakoagaz “asebeteta, entretenituta eta pozarren” amaitu baitzuten eta, gainera, udal aretoaren edukiera osoa “oso bizkor” bete baitzen. Hurrengo edizioei begira, produktu bakoitzeko ekoizle bakarra ekartzea izango dute jomuga, “ekoizle arteko tentsio edota konpetentzia txikiak ekiditeko”.