"Bost teilatu" euskarazko film labur bilduma ikusteko aukera
Ondarroako Udalak eta Udalbiltzak antolatuta, apirilak 10ean, 18:00etan, Kofradia Zaharrean ikusgai egongo da.
Udalbiltzak sustatuta, Geuretik sortuak ekimenaren baitan sortutako bost film labur batu dituzte, Bost teilatu, 80 minutuko lana sortzeko. Euskal Herriko bost udalerritan, hainbat zuzendarik filmatutako lanak dira, hain zuzen ere, Tafallan, Baigorrin, Beran eta Lesakan, Galdakaon eta Hernanin. Filmaren ostean, aurkezpen solasaldi bat egongo da Raul Barreras, zuzendarietako baten eskutik.
Krak (Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Kamikaz taldearen bidez zuzendutakoa), Hitzak laburra (Josu Martinezek), Muga (Eñaut Castagnetek), Erlojupekoa (Leire Egañak) eta Arnasa (Raul Barrerasek) film laburrek osatzen dute film luzea. Film laburretan zentzurik gabeko umorea, salaketa soziala, euskara, fantasia eta norberaren emozioak dira nagusi.
Udaletik aipatu dutenez, sarrera doakoa izango da eta Turismo Bulegoan jaso ahal izango dira gonbidapenak, apirilaren 7a arte. Gehienez ere bi gonbidapen jaso ahalko dira pertsonako.
Apirilaren 10ean, emanaldiaren egunean, 17:45ean zabalduko dira Kofradia Zaharreko aretoko ateak.