Aldazabal anaiak, hirugarren Battle at the Palace txapelketan
Aimar eta Ibon Aldazabal anaiek hirugarren postuan amaitu dute Danian jokatu den Battle at the Palace zesta-punta lehiaketa; Barandika-Lekerika eta Olharan-Etcheto bikoteak izan dituzten aurretik.
Aimar eta Ibon Aldazabal Berrituko anaiek hirugarren postua bukatu dute Daniako [Florida] Jai Alain jokatu berri den Battle at the Palace txapelketa. Domekan, Aldazabaltarrek norgehiagoka bi jokatu zituzten: lehenengoa, Alex Hormaetxea bermeotarraren eta Thibault Basqueren kontra; bigarrena, berriz, Jean Olharan pautarraren eta Nicolas Etcheto bidartarraren aurka. Hormaetxea-Basque bikotearen kontra partidu oso lehiatua jokatu zuten berriatuarrek: 15-13 irabazi zuten, joko oso ona erakutsita. Eguneko bigarren partiduak Barandika-Lekerika eta Olharan Etcheto ibili ziren zein baino zein gehiago, eta Gernika-Lumokoek garaipen sendoa eskuratu zuten. Hirugarren partiduan, aldiz, finalerako azken txartela izan zen jokoan: Aimar eta Ibon Aldazabal Olharan eta Etchetoren kontra neurtu ziren.
Horrenbestez, bai Aldazabal anaiek, bai Olharan eta Etchetok partidu bi jokatu behar izan zituzten egun berean. Horrek nekea, tentsioa, urduritasuna eta ñabardura txikien esangura hauspotu zituen. Azkenean, Olharanek eta Etchetok erdietsi zuten Barandikaren eta Lekerikaren kontrako finalera pasatzea, eta Aldazabaltarrak, ostera, txapelketako hirugarren postuan sailkatu ziren. Jai Alaiko ordezkarien berbetan, Daniako Battle at the Palace “ekimen oso polita” izan da, eta balorazio “bikaina” egin dute; izan ere, partiduek, puntistek eta jokoak izan dute ikusgarritasuna, eta ez, ordea, apustuek.