Mutrikuko Udalak 'Parke-sarea' proiektua martxan jarri du, Mutrikuko parke sarea modu parte hartzaile batean landu eta hobetzeko asmoz.
Proiektua gauzatu ahal izateko herritarren iritziak jaso nahi ditu udalak, eta galdetegi bat jarri du eskuragarri, herritarren esperientzia ezagutzeko asmoz.
Udaletik aipatu dutenez, diagnosi fasean daude orain, hau da, mutrikuarrek parkeak nola erabiltzen dituzten, zein indargune ikusten dizkieten eta zein hobekuntza behar ikusten duten ezagutu nahi dute.
Herritarren iritziak jasotzeko jarritako galdetegia
apirilaren 29ra arte egongo da zabalik. Bere esperientzia partekatu nahi duen ororen iritzia ezagutzea ezinbestekoa izango baita udalak azterketa oso eta aberats bat osatzeko. Galdetegia QR bidez,
webgunetik edota paperean egin daiteke, hain zuzen ere, udaletxean eta liburutegian.