Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute eskualdeko hainbat udal eta aholkularitzek
Herritarrak administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz egitera bultzatu nahi du UEMAk, tartean, errenta aitorpena, eta hori bultzatzeko akordioa sinatu dute gaur [apirilak 13] Ondarroako Udalean.
Gaur [apirilak 13] sinatu dute eskualdeko hainbat udal eta aholkulariek herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi duen hitzarmena, Ondarroako Udalean.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian egon dira Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako Alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko Alkatea eta Luis Egurrola Markina-Xemeingo Alkatea, hiru herrietako hainbat aholkularitza enpresetako ordezkariekin batera: Ondarroako Felix Aholkularitza, Fideslan, Lagunkor eta Torrealday, Lekeitioko Torrealday eta Markina-Xemeingo Bideratzen, Urregarai, Ausan eta Ilure. Eurekin batera egon da baita ere Jone Antsotegi Aulestiko alkatea eta Uemako ordezkaria ere.
Azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. 2019an errenta aitorpenen %47,4 egin ziren euskaraz Ondarroan. 2020an, ostera, %8,2ra jaitsi zuen tasa. Markina-Xemeinen, 2019an errenta aitorpenen %27,1 egin ziren euskaraz, 2020an, berriz, %6,8ra jaitsi zen tasa. Lekeition, aldiz, 2019an errenta aitorpenenen %39,7 egin ziren euskaraz, 2020an, aldiz, %4,9.
2020an datuek nabarmenki egin zuten behera, errenta aitorpenak telematikoki egin behar izan baitziren pandemia zela eta, eta horrek eragin zuzena izan zuen. Hortaz, helburua pandemia aurreko datuetara bueltatzea da.
Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du Uemak, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa izanik, hautu horretan eragin nahi du Uemak aurten ere kanpaina honekin.
“Modu bat baino gehiago egon daitezke horretarako: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi”, azaldu dute Uemakoek.