Euskadiko IV Filosofia Olinpiadako irabazle izendatu dira Ondarroa BHIko ikasleak
Haizea Basterretxea eta William Vargas, Ondarroa BHIko ikasleak, izendatu dira irabazle eta apirilaren 29an dute hurrengo hitzordua, Espainiako Filosofia Olinpiadan.
Euskadiko IV Filosofia Olinpiadan irabazle izendatu ziren Haizea Basterretxea eta William Vargas, Ondarroa BHIko ikasleak, hain zuzen ere, iruzkinen atalean. Martxoaren 4an Transhumanismoa: gizakiaren hobekuntza ala amaiera? gaia proposatu zieten, eta besterik gabe, probatzeko asmoz, testua abiapuntu hartuta iruzkinak osatu zituzten egunean bertan. Hamar finalisten artean zeudela jakin, eta defentsa bat egin behar izan zuten, EHUko Iñigo Galtzakorta Filosofia irakaslea, Naiara Gago EFOko arduraduna eta Aitor Iraola Adimen Artifizialean aditua den fisikaria epaimahai zituztela. Lehen bi postuak lortu zituzten eta apirilaren 29an dute hurrengo hitzordua, Espainiako Filosofia Olinpiadan.
Planteatutako gaiaren, transhumanismoaren, helburua gizakiaren gaitasun fisiko zein psikologikoak hobetzea da, horretarako teknologia baliatuz. Gaiak planteatu ditzakeen auziak askotarikoak izanik, testua esparru ezberdinetatik landu zuten ikasleek.
Basterretxearen kasuan, “tristuraren debekua, aurrerapenerako oztopo gisa” oinarri hartu zuen analisia burutzeko, tristurak duen garrantzia, nola ikusi izan den, eta gaur egungo gizarte kapitalistan mehatxu bilatu dela azaldu zuen, “tristurak produktibitate tasak jaitsi egiten ditu eta orain beharrezkoa da langilea pozik mantentzea”. Gainera, transhumanista bat oinarri hartu beharrean, eraldaketa hori zerk bultzatzen duen jarri zuen erdigunean, hau da, zein ideologia dagoen horren atzean, “gizakiaren esentzia sentimendua izanik, hori kentzen badiozu, beste mota bateko lerrokatze bat sortzen da”.
Vargasek, ordea, arlo zientifikoan zentratu zuen iruzkina, “transhumanismoak erabiltzen dituen metodo zientifikoek ez dute oinarririk, gaur egun ezin dira gauzatu”. Adimen artifizial batek autokontzientzia lortu dezakeela baieztatzen du korronte transhumanistak, hau da, gizaki bezala jardun dezakeela, eta hori ezinezkoa da. Sistema politikoaren esparruan ere sartu zen Vargas, gailuek produktibitatea igoko dutela aipatzen baitute korronte honetan, baina “gailu horien prezioa kontuan izanik, bi abiapuntu sortuko lirateke: enpresen edota estatuaren menpe egotea eta bestetik, gizartetik kanpo geratzea”.
Kontzeptutik praktikara
Filosofia hitza albo batera utzi nahi izaten den kontzeptu bat da, baina Basterretxeak azaldu duen bezala “naiz eta filosofia ez egon jendearen hiztegi barruan, beti dago presente” eta umeak dira adibiderik onena. Errealitateari dioten miresmena eta jakiteko grina hori da filosofia, naiz eta grina hori baretzen joaten den, jaiotzaz dugun zerbait da, gure baitan dagoena.
Vargasek bizitzarako gida bezala ulertzen du filosofia, nola bizi edo bizitza nola hartu pentsatzen laguntzen dizun gida, bai norbanako eta baita gizarte bezala ere, “filosofia hitza entzutean jendea ikaratu egiten da, alde intelektual batekin lotzen duelako, baina filosofia kalean dago, ez da soilik gauza akademiko bat”.
Hezkuntzaren eratzunkizuna
Hezkuntzak ere bere erantzukizuna du filosofiaren kontzeptuak sor ditzakeen erreakzioetan. Ikasleen esanetan, hezkuntza zerbait produktiboa izatera bideratuta dago, ez du helburutzat gauzak zalantzan jartzeko gaitasuna garatzea. Basterretxearen esanetan “filosofia guztia aztoratzen duen zerbait da, gauzak desordenatu egiten ditu eta hori polita da, beldurra eman dezake baina aldi berean beharrezkoa da.” Guztia azalekoa den egungo gizartean pentsatzeak beldurra ematen duela defendatzen du, baina aldi berean, hori dela lerrokatzearen kontrako erreminta argietako bat, “helburua ez baita galderei erantzun bat ematea, pentsatzea baizik, soilik, pentsatzea”.
Vargasen ahotan, berriz, “filosofiak zalantzan jartzen ditu gure eguneroko errealitatean egiatzat ematen ditugun gauzak, ohituta gaudelako horrela direla barneratuta izatera, eta jendea ez dago prest hori zalantzan jartzeko”.