Lekeitioko Azkue Ikastolako herri tonbolako txartelak salgai daude
Ikastolako barne beka sistema bermatzeko eta herriari bultzada emateko 25 sari zozketatuko dituzte ekainaren 23an.
Iaz antolatu zuen Lekeitioko Azkue Ikastolak lehen aldiz herri tonbola, eta jasotako harrera ona ikusita, ekintza errepikatu nahi izan dute. Horretarako, zozketan parte hartzeko txartelak salgai daude dagoeneko asteburuetan Eskolapean eta udaletxe aurrean jarriko duten postuan. Horrez gain, aurten eta iaz ekintzan parte hartu duten saltokietan ere erosi ahalko dira. Prezioa 50 zentimokoa da, besterik ez. Zozketa ekainaren 23an egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, helburua da Azkue Ikastolaren “barne beka sistema beste urte batez bermatzea”.
Sariei dagokionez, asko eta askotarikoak dira. Lekeitioko herriari indarra emateko bidearekin jarraitu nahi dute antolatzaileek, “25 bultzada emateko Lekeitiori”. Telebista, Stand Up Paddle esperientzia talde handian, oinetakoak, body board-a, gosaria, haragi, arrain eta fruta saskiak, hilabeteko ogia, sartagin sorta, estetika saioa, fisioterapia eta osteopatia bonoa, tableta, asteko erosketa, izozki sorta, zinemako bazkidetza, bi pertsonentzako bazkaria, arropa, lagunekin partekatzeko gozoki sorta, plater konbinatua, errazioa eta freskagarria, itsasontzian buelta bat, Santa Katalina itsasargia bisitatzeko gonbidapenak, afari merienda lagun taldean, eskarpinak eta poltsa estankoa edota erlojua. Hauek izango dira herri tonbolan eskainiko diren sariak.