Loraldia Kultur Elkarteak gazteentzako sormen egonaldiak antolatu ditu Lekeition
Lehen aldiz antolatuko dute udan, Trinkete Etxea Ostatuan, eta izen ematea zabalik dago. Parte hartzaileek formakuntza tailerrak jasoko dituzte profesionalen eskutik.
Udako Ola transmisioa eta sormena lantzeko Loraldia Kultur Elkarteak antolatu duen sei eguneko egonaldi kulturala da. Lehenengoz burutuko da aurten eta Lekeitio izan da aukeratutako tokia. Trinkete Etxea Ostatua izango dute aterpe 18-25 urte bitarteko 50 partaidek bi txandatan: ekainaren 27tik uztailaren 3ra lehenengoa eta uztailaren 4tik 10ra, bigarrena.
Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago eta apirilaren 29an itxiko da. Loraldia Kultur Elkartearen webgunearen bitartez eman dezakete izena gazteek, bertan dagoen inprimakia betez. Prezioa 300 eurokoa da eta bere barnean hartzen ditu kultur formakuntza tailerrak, seu gauetako ostatua eta gosaria eta bazkaria. Horrez gain, Hendaiako Abbadia Jauregira irteera egingo dute. Jakinarazi dutenez, ez dituzte kontuan hartzen afariak eta eskuoihalak.
Sei eguneko egonaldia hauetan gazteek formakuntza jasoko dute eta esperimentatzeko aukera izango dute. Formakuntza tailerrak eskainiko zaizkie egunero, lau arlotan egituratuta: hitza, soinua, irudia eta gorputza. Sortzaile profesionalek gidatuko dituzte saio hauek, besteak beste: Patxo Telleria aktore, zinema zuzendari eta antzerkigileak, Iratxe Fresneda zinemagile eta gidoilariak, Jokin Oregi antzerki zuzendariak edota Itsaso Arrieta kantu irakasleak. Transmisioa landuko dute gazteei gaurko erreferenteak ezagutzeko parada eskaini, sormena sustatu eta bide propioa egiteko sormen guneak zabaltzea dute helburu.
Izen handiko sortzaileen sormena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek
Horrez gain, sortzaile batzuen sormena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Lehen txandan, ekainaren 27tik uztailaren 3ra, esate baterako, astelehenean Mikel Martinez aktoreak Tabernaria bakarrizketa eskainiko du, martitzenean Eñaut Elorrietak eta Idoiak musikariek kantaldia egingo dute, eguaztenean izena ematen dutenek Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren poesia errezitaldia entzuteko aukera izango dute, eguenean Iratxe Fresneda zinemagilearen dokumentala eta barikuan Natalia Monge dantzaria ariko da Organik dantza konpainiagaz batera. Bigarren asterako, uztailaren 4tik 10ra, aldaketa bakarra aurreikusi dute antolatzaileek, Eñaut Elorrieta eta Idoiaren ordez, Gotzon Barandiaran euskal idazle eta kulturgilea eta Rafa Rueda musikaria izango dira Lekeitiora arte hurbilduko direnak.
Aldi berean, gazteek euren sormen batean lan egingo dute egonaldian zehar, eta azken egunean Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute. Proiektu hau aurrera eramateko Loraldia Kultur Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du baita Lekeitioko Udalaren, Euskal Kultur Erakundeen eta Zinemazaleak Elkarteen laguntza ere.