3. mailari eutsi nahi dio Aurrerak
Zapatuan Azkoitira Aurrera animatzera joateko doako autobusak ipini ditu zuzendaritzak: bat 12:00etan aterako da Zaldupetik eta bestea 16:30ean.
Iturria: Aurrera KE 3. mailari eustea da Aurrerako nagusien taldeak denboraldi honetarako ezarrita zeukan helburua, eta zaila izan arren, euren esku dago mailari eusteko esperantza bizirik mantentzeko aukera ematen duen 15. postuari eustea. Zapatuan Durangoko Kulturalagaz Zaldupen 0-0 berdindu ostean, ondarrutarren eta Amurrioren artean dago 15. posturako lehia. Puntu bat gehiago eta gol-aldea dituzte aldeko ondarrutarrek. Atzeragokoek ezin dute Aurrera harrapatu eta Aurrerak ere ezin ditu aurreragokoak harrapatu.
Zapatuko partidua oso estua izan zen. Hasieratik igarri zitzaien Mikel Etxaburu Pixki-k entrenatutako mutilei urduritasuna, asko baitzen jokoan zeukatena. Durangarrak gogor etorri ziren Zaldupera, eta hasieran nagusi izan ziren zelaian; bigarren minutuan oso aukera garbia izan zuten. Apurka-apurka lehia parekatuz joan zen eta Aurrerak ere izan zituen bere aukerak aurrelarien bitartez. Langa bat ere jo zuten lehen zatian.
Bigarren zatia ere antzera hasi zen. Durangarrak baloiaren jabe ziren eta joko erasokorra egiten zuten. Minutuak aurrera joan ahala ondarrutarrek euren lerroak aurreratu zituzten eta aukerak izaten hasi ziren. Garbienak, langara joandako burukada bat eta Iraitz eta Eñaut aurrelarien arteko golean amaitu zen jokaldi eztabaidagarri bat, marrazainak baliogabetu zuena jokoz kanpokoa adierazita.
Azken minutuetan Luken Iturrino kanporatu zuen epaileak, eta hori eta beste zelaietan gertatzen ari ziren emaitzak ikusita, ontzat jo zuten berdinketa ondarrutarrek. 15. postua lortzeko borrokan zeuden gainontzeko hiru taldeek galdu egin zuten, eta Santutxu eta Uritarrak maila galdu dute. Ondorioz, Amurrioren eta Aurreraren artean dago 15. postua lortzeko borroka.
Entrenatzaileak ontzat jo zuen puntua, eta Zaldupen batutako jendetzari eskerrak eman nahi izan zizkion: “Giro izugarria egon da gaur Zaldupen. Urte guztian modura gure alboan egon dira eta borrokan egiteko indar handia ematen digute zaleek. Oso eskertuta gaude. Badakigu Azkoitian ere alboan izango ditugula”.
3. maila jokoan. Datorren asteko zapatuan 18:00etan Azkoitian jokatuko du Aurrerak Anaitasunaren aurka; Amurriok, ostera, Barakaldori egingo dio bisita egun eta ordu berean. 15. postuan sailkatzen den taldeak, mailari eutsi ahal izateko, play-offetara sailkatutako lau euskal taldeetatik bat igo egin behar da, hau da, Portugalete, Basconia, Barakaldo edo Beasain. Maiatzaren 21ean jokatuko da partidu erabakigarri hori. Aurretik, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte euren artean, eta garaile ateratzen den euskal talde hori joango da azken finalera; hori irabaziz gero, mailari eutsiko dio 15. postuan sailkatzen denak.
Azkoitirako autobusak. Zapatuan Azkoitian jokatuko den partidurako doako autobusak ipini ditu zaleen eskura Aurrera Kirol Elkarteak, bat 12:00etan eta bestea 16:30ean; biak Zaldupetik aterako dira, ohi legez. Izena emateko epea egueneko 20:00etan amaituko da. Goizeko autobusa atera ahal izateko 22 bidaiarietara ailegatzeko ez da asko geratzen (gehiago ere izan ahal dira) eta arratsaldekorako 40 lagun baino gehiagok izena emanda dute jada.
- 12:00etako autobusean izena emateko zuzendaritzako kideren bati edo Sake Okerra peñako kideren bati esan behar zario. Autobus hori atera ahal izateko gutxienez 22 lagun beharko dira.
- 16:30eko autobusean izena emateko, ostera, lotura honetako galdetegia bete behar da: https://t.co/MfWgzAovoJ