Euskadiko Batel Txapelketa irabazi dute Ondarroako txikien kategoriako neskek
Sestaon lehiatu da asteburuan Euskadiko Batel Txapelketa, eta Ondarroa Arraun Elkarteak emaitza onak eskuratu ditu.
Bizkaiko txapeldun izendatu ziren, eta asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketan nagusitasuna lortu zuten Ondarroako Arraun Elkarteko emakumezko haurren kategorian. Zapatuko sailkapen estropadan lehen postua eskuratu eta finala lehiatu zuten domekan. Laugarren kalean atera ziren ondarrutarrak, irabazteko asmoz, eta halaxe egin zuten, 5 minutu 15 segundo eta 25 ehuneko markagaz nagusitasuna lortu zuten.
Ondarroa Arraun Elkarteko emakumezkoen beste bi taldek ere dominak lortu zituzten Sestaon, hain zuzen ere, gazte mailakoek eta absolutu mailakoek. Gazteen kategorian bigarren postua eskuratzea lortu zuten; lehenengo postua San Juanek eskuratu zuen 10 minutu, 7 segundo eta 49 ehuneneko markagaz, eta bi segundo eskasera heldu ziren ondarrutarrak, hain zuzen ere, 10 minutu 9 segundo eta 83 ehuneko denboragaz. Hirugarren postuan, 10 minutu 12 segundo eta 85 ehunekogaz, Isuntza izan zen brontzezko domina etxeratu zuena.
Emakumezko absolutuen kategorian Deustok lortu zuen nagusitasuna 10 minutu, 5 segundo eta 19 ehuneneko markagaz, eta atzetik etorri ziren ondarrutarrak, 10 minutu 12 segundo eta 95 ehuneneko markagaz, azpitxapeldun izendatuz.
Datorren astean Espainiako Batel Txapelketa lehiatuko dute, eta azken markak ikusita, mailari eustea espero dute ondarrutarrek.