Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrak Neomak taldearen bideoklip berrian parte hartu du
'Hamen' kantua Neomakek aste gutxi barru kaleratuko duen lehen diskoaren aurrerapen kantua da.
Arrasateko, Debako, Zarauzko, Zizurkilgo eta Asteasuko zazpi emakumek osatutako Neomak taldeak Hamen izeneko single berria aurkeztu du. Hamen kantua Neomakek aste gutxi barru kaleratuko duen lehen diskoaren aurrerapen kantua da, eta bideoklipak, oraingo honetan, Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarraren parte hartzea dakar eta taldekideen esanetan ikus-entzunezkoaren “puntu indartsuenetako bat” da.
Lan berriak Ilargi berriak singleagaz hasitako estetika zainduagaz jarraitzen duela azaldu dute, “baina abestiaren mezuari eta gorputz adierazpenari garrantzia berezia emanez”. Bideolan ekoiztetxea da bideokliparen egilea.
Taldeak Jimbo Paez musikariagaz egindako ekoizpenaren emaitza da Hamen, koplen eta panderoen tradizioa eta kutsu organikoa eta ekoizleak gehituriko elektronika uztartzen dituen lana. Single berrian bereziki, hitzetan jarri nahi izan du pisua Neomak taldeak “abestia aldarrikapen hutsa izaki”, eta grabazioa Haritz Harreguyren gidaritzapean egin dute.