Ipuinak eta hitzaldiak, Mutrikuko Liburuaren Astea ospatzeko
Liburuaren Asteko egitaraua argitaratu du Mutrikuko Udalak. Eguaztenean [apirilak 27] hasiko dira ekimenak.
Apirilaren 23an, zapatuan, Liburuaren Nazioarteko Eguna izan dela bide, Liburuaren Asteko egitaraua osatu du Mutrikuko Udalak hainbat ekimenekin. Jon Arretxe idazlearen 11 bidai 11 liburu hitzaldiarekin emango diote hasiera ekimenei, eguaztenean [apirilak 27], 18:00etan, eta ondoren, Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Eguenean [apirilak 28], 17:00etan ipuinaren ordua izango da. Alboka ipuin kontalariaren eskutik Letra zaparrada emanaldia ikusteko aukera egongo da, Zabiel Kultur Etxean.
Liburuaren astea borobildu asmoz, barikuan [apirilak 29] Liburutegiko zozketa burutuko da. Azaldu dutenez, zozketa hori apirilean libururen bat maileguan hartu duten erabiltzaileen artean egingo da, eta oraindik aukera dago parte hartzeko, apirilaren 28an bukatzen baita epea.
Zozketa adin tarteen arabera antolatu dute, hau da, 0-6 urte dituztenen artean liburu sorta bat zozkatuko dute, 7-12 urte dituztenen artean, beste liburu sorta bat, 13-25 urte dituztenen artean tablet bat, eta 26 urtetik aurrera dituztenen artean eBook bat.