Eulen enpresako garbitzaileek greban jarraitzen dute
Apirilaren 26 eta 27an deitutako greba egunekin bat egin dute Ondarroako garbiketa sektoreko langileek. Ondorioz, kiroldegiko jardueran aldaketak egon dira, igerilekuaren itxiera tartean.
Martxoan egindako adierazpenean zehaztu zuten garbiketaren sektoreko Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sei greba egun antolatu zituztela ELA, LAB eta ESK sindikatuek, lan baldintza duinak eskatuz. Martxoaren 31an izan zen lehenengo greba eguna, eta atzo eta gaur izan dira sei greba egun horietako bigarren eta hirugarren egunak.
Martxoan egindako lehen greba egunean langileek aipatu zuten “egun solte batez greba egiteak ez du aparteko eraginik izango, baina egun gehiago eginez gero, eta jarraiak izanik, nabarituko da gure falta”. Eta horrela izan da. Izan ere, atzo eta gaur, Ondarroako kiroldegiko ohiko jardueretan aldaketan egon dira, tartean, aldagelen eta igerilekuaren itxiera.
Akordiorik ezean, grebarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute sektoreko langileek. Hurrengo greba egunak jada zehaztuta daude, maiatzaren 10,11 eta 12a.