Munitibar soineko morez jantziko da
Egutegi morea izenpean, hainbat formatutako ikuskizunak eskainiko dituzte Munitibarren, apirilaren 29a eta ekainaren 17a bitartean.
Munitibarrek, beste behin, genero arteko berdintasunaren eta feminismoaren aldeko hautua egin du, eta udalak Egutegi morea izeneko ziklo artistikoa antolatu du. Bertan, emakumezkoak oinarri nahiz protagonista nagusi dituzten emakizunak izango dira. Halaber, proiektua barnebiltzen duten ekimenen beste ezaugarri esanguratsua arte genero nahiz adierazpide aniztasuna da; izan ere, Egutegi morearen barruan, ipuin kontalari bat, musika emankizuna, ikus-entzunezko baten proiekzioa zein berbaldia, eta ikuskizuna izango dira.
Bariku honetan, hilaren 29an, ipiniko da abian egitaraua, eta, ekainaren 17a bitartean, lau geltoki izango dituzte. Saiook Munitibarko bi eremutan egingo dira: batetik, udal aretoan; bestetik, herriko plazan. Barikuan, zikloa Elssie Xalabadorrek abiatuko du. Antolakuntzatik aditzera eman dutenaren arabera, Xalbador ipuin kontalariak “ezagunak ez diren baina zerbait garrantzitsua egindako emakume guztiak” omentzea izango du jomuga; horretarako, pertsona horien inguruko liburu “zoragarrietan” oinarrituko da Xalbador. Besteak beste, Wangari Maathai izango du ahotan, alegia, 2004. urtean Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen lehendabiziko emakume afrikarra. Maathaiz gain, beste hainbat pertsona ere ezagutzera emango ditu, ipuin kontalariaren ikusmoldea tarteko.
Hurrengo emanaldia kontzertu bat izango da, maiatzaren 20an. Biren bikoteak herriko plazan joko du. Nora eta Ane Agirre Ondarroako musikariek 20:00etan hasiko dute beren emankizuna. Ostean, ekainaren 3an, Mi pequeño gran samurai ikus-entzunezko dokumentalaren proiekzioa emango dute udal aretoan. Halaber, proiekzioaren ondoren solasaldia egiteko parada ere izango da, Elaxar Lersundiren parte-hartzeagaz. Proiekzioa 18:00etan hasiko da, eta 14 urtetik gorakoentzat zuzendurik egongo da. Egutegi moreko azken geldiunea ekainaren 17ko Amaraun ikuskizuna izango da. Amaraun, azaldu dutenez, “amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna” da. Herriko plazan izango da, 19:00etatik aurrera.