VIII. Musikaia Egunak musikaz beteko du berriro ere Lekeitioko plaza
Lekeitioko musika eskolak Musikaia Eguna antolatu du barikurako [apirilak 29]. Hainbat emanaldi eskainiko dituzte eskolako koralek eta musikariek.
Lekeitioko Musikaia musika eskolak zortzi urteko ibilbidea osatuko du aurten, eta, ohi modura, herritar guztiekin batera ospatu nahi dute. Horretarako, VIII. Musikaia Eguna antolatu du eskolak barikurako [apirilak 29], eta aurten, koralekin batera instrumentu talde txikietako musikariek ere parte hartuko dute.
COVID-19 pandemia dela eta, azken urteetan ezin izan dute Musikaia Eguna kalean, herritarrekin batera, ospatu, eta beraz, ilusioz betetako ospakizuna izango da.
17:30ean hasiko da VIII. Musikaia Eguna kalejiragaz. Musika eskolatik herriko plazarainoko ibilbidea egingo dute guztiek, eskolako trikitilari eta pandero joleen doinu alaiekin lagunduta. Plazara heldutakoan, berriz, txistulariek hartuko dute txanda, eta 18:00ak aldera hasiko dira emanaldiak.
Musika Tailerrekoek, Koral Txikik, Folk Taldeek, Kamara taldeek eta Ensenbleak ere parte hartuko dute. Musika Eskolakoek aurreratu dutenez, bakoitzak kanta bat joko du:
- Musika Tailerrekoek, Oskorriren Popurria
- Koral Txikik, Banaha
- Folk Txiki talde batek, O son do ar (Luar na Lubre)
- Folk Txiki bigarren taldeak Martxa baten lehen notak (Mikel Laboa)
- Kamara Taldeak Negu hurbilak Mikel Laboa)
- Kamara Txikik Ixil ixilik (Oskorri)
- Ensenbleak, Pirates of the Caribean (Klaus Badelt, Mold: Michael Sweeney).
Eta ospakizuna borobiltzeko, emanaldiak amaitutakoan, askaria ere edukiko dute.