Langileen aldarriek hartuko dute Lekeitio Maiatzaren Lehenean
Lekeitioko herri mugimenduek egin dute deialdia. Eskolapean egingo dituzte ekimenak.
Maiatzaren 1ean ospatu ohi da, tradizioz, Langileen Nazioarteko Eguna, 1889az geroztik. Egun hori probesten dute, hain zuzen, sindikatuek, eragileek eta denetariko talde sozialek beharginen eskubideak eta lan baldintzak aldarrikatzeko. Aurten ere, euskal hiriburuez gain, Lea-Artibain ere ekitaldiak egingo dituzte, Langileen Nazioarteko Eguna omentzeko.
Lekeition, herri mugimendu ezberdinek deitutako ekimenak egingo dituzte, urtero legez, Maiatzaren Lehenean. Mugimendu Feminista, gazteak, pentsiodunak, udal beharginak, Ongi Etorri Errefuxiatuakeko kideak, osasungintza publiko eta duinen aldeko herri txikietako taldeak eta bestelako norbanakoak alkarregaz egin dute deialdia.
Adierazi dute denetariko sektoreetako eragileen batasuna 2019. urteko greba orokorretik datorrela: «Herriko sektore bakoitzaren arazoak landu, eta oinarri amankomunak eta berriak eraiki genituen».
Batasun horri jarraituta, Eskolapean oinarrituko dute domekako egitaraua: 12:00etan manifestazioa egingo dute, bertan hasi eta amaituta; 12:30ean, ekitaldia egingo dute, hori ere Eskolapean; jarraian, herri mugimenduko eragile desberdinek antolaturiko aldarrikapen azoka egingo dute; egitaraua osatzeko, halaber, jan-edana eta girotzeko musika ere izango dituzte bertan.