Maiatzaren Lehenenean Ondarroan batzeko deia egin du Kontseilu Sozialistak
Maiatzaren 1a probestu nahi dutela esan dute, "langileria iraultzailearen memoria ekartzeko, egungo proletargoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko".
Langileen Nazioarteko Eguna tarteko, Kontseilu Sozialistak ekitaldiak egingo ditu Lea-Artibain. Krisi kapitalista garaian sozialismoa eraikitzen lelopean deialdia zabaldu dute domekan [ maiatzak 1] Ondarroan egingo dituen ekitaldietan parte hartzeko; 12:00etan Zaldupeko Zubian batzeko deia egin dute. Maiatzaren 1a probestu nahi dutela esan dute, “langileria iraultzailearen memoria gurera ekartzeko, egungo proletargoa borrokara deitzeko eta Kontseilu Sozialistak ezagutzera emateko”.
Gogoratu dutenez, borroka grinez eta esperientzia iraultzaileen metaketaren bitartez lortu ditu proletargoak orain arte eduki dituen askatasun kuotarik handienak. “XIX.eta XX. mendeetako borroka iraultzaileek beren fruituak eman zituzten; langileria estrategikoki batuta egoteak autodefentsa ahalmen handia eman zion, eta etsaia hainbat aitortza egitera behartu zuen. Sozialismoak botere handia eskuratu zuen eta horrek efektu positiboa izan zuen langileriarengan: herrialde sozialistetan oparotasun ekonomikoa, kalitatezko hezkuntza, abortatzeko eskubidea, lan baldintza duinak edota bazterretako subjektuentzako eskubideak existitu izan ziren denbora luzez”. Hala ere, sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa amaitu ez izanak eta beste hainbat arrazoiren ondorioz proletargoak inoizko porrotik gogorrena pairatu zuela diote, eta ondorioz, horren albo kalteak sufritzen ari dira oraingo proletarioak ere.
“Egungo egoera krisialdi kapitalistak ezaugarritzen du. Definizioz langile klaseak ordaintzen ditu krisialdiak, eta oraingoan ere horrela ari da izaten. Prezioen gorakadak, askatasunik ezak, langabeziak eta aldi baterako lanaldiek, soldata miserableek eta abar luze batek jasangaitza egiten dute eguneroko bizitza langileriaren bizkarrean”.
Kontseilu Sozialistaren ustez, baliabideak badaude, baina “klase kapitalistaren irabazien aurka jo behar da nahitaez” eta “belaunaldiz belaunaldi langile klaseak ekoitzi dituen aberastasun guztiak, oligarkiaren jabetza izatetik, herritar xumeen bizi bitarteko izatera pasatu behar du”.
Kontseilu Sozialistek ekarpen bat egin nahi dute sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa eta langileriaren momentuko premiak uztartzeko. “Langile klasearen babeserako zein askatasunerako erreminta praktiko eta estrategikoetan sakontzea da gure asmoa”, azaldu dute, Maiatzaren Lehenean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez.