Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia, X.Lea Artibai Rallyko irabazle izendatu dira
Bigarren Mikel Bilbao eta Aitor Rocha sailkatu dira, eta Gorka Aginaga eta Ignacio Fondadok osatu dute podiuma.
Aulestiarrak eta munitibartarrak osatutako bikoteak eskuratu du saria. Lasterketa on bat eginda, Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia izendatu dira txapeldun, X. Lea Artibai Rallyan. Aurten, sei tramo burutu dituzte, eta bakoitzetik bi aldiz igaro dira. Guztira 281,79 kilometro eginez, 102,60 kilometro izan dira kronometratuak. Bikoteak, 1 ordu eta 9 minutuan osatu du ibilbidea, Renault Megane autoagaz.
Bigarren sailkatuak, Mikel Bilbao eta Aitor Rocha lekeitiarra, 1 ordu 10 minutu eta 15 segundoko denboragaz osatu dute ibilbidea, Lancer Evo V autoagaz.
Hirugarren sailkatua, Gorka Aginaga ondarrutarra eta Ignacio Fondado izan dira, Peugeot 208 Rally4 autoagaz, 1 ordu 10 minutu eta 28 segundoko denbora osatuz.
Rally oso ederra eta gogorra izan dela aipatu du Odinaga irabazleak, “atzetik asko sakatu digute, eta asko korritu behar izan dugu”, baina bereziki pozik agertu dira lortutako emaitzekin. “Lea Artibaiko Rallye irabaztea guretzat gauza handia da”. Jada laugarren edizioa da parte hartzen dutena, eta txapela jaztea “berezia” dela aitortu dute.
Ispasterreko poligono ingurua aipatu dute zati zailena bezala, irabazlearen esanetan, “neutralizazio kontuagatik gelditu egin gaituzte eta gurpil hotzekin atera gara”, baina orokorrean “oso ondo joan da eta asko disfrutatu dugu”.
Kastinparro racing talde antolatzaileak jakinarazi duenez, 55 autok izena eman zuten, eta 29 izan dira ibilbidea osotasunean osatzea lortu dutenak. Gainera, aurten lehenengo aldiz Lea Artibaiko Rallyan, emakumezkoek osatutako bikote batek osatu du ibilbidea, hain zuzen ere, ama-alaba diren, Monika Muñoz eta Naia Lasangabasterrek. Ibilbideko etapa guztiak betetzea lortu dute eta, hain zuzen ere, hogeita batgarren postuan sailkatu dira ama-alabak.
Parte hartze aldetik “pozik” agertu dira taldekoak, gainera, ohikoa ez den arren, aurten etapa guztiak adostutako orduetan hasi eta bukatu dira. Urte zailak igaro dituzte, 2020an bertan behera utzi behar izan zuten rallya eta pasaden urtean ahal bezala aurrera ateratzea lortu zuten, baina aurten, jada normaltasunez egitea lortu dute. Espero zuten, eta ohi bezala, jende asko hurbildu da etapak ikustera eta Etxebarrin bereziki jendetsua izan da bukaera eman dion etapa.
Aurtengo X.Lea Artibai Rallyko irabazleak jada izendatuta, Etxebarriko frontoian emango diote hasiera sari banaketari. Gainera, aurten, urte hauetan laguntzaile izandako guztiei esker ona adierazteko, luntxa eskainiko da frontoian.