Bizkaiko Trainerilla Txapelketa lehiatuko da Ondarroan
Asteburuan lehiatuko da Bizkaiko Trainerilla Txapelketa, Ondarroan. Zapatuan 16:00etan emango diote hasiera sailkapen estropadei, eta domekan, 10:30etan, finalak lehiatuko dira.
Asteburuan bukatu ziren Bizkaiko Trainerilla Ligako estropadak, eta azken bi jardunaldiak Ondarroan lehiatu ziren. Asteburu honetan, Bizkaiko Trainerilla Txapelketa lehiatuko da, kasu honetan ere, Ondarroan.
Zapatuan, 16:00etan hasiko dira sailkapeneko estropadak, eta lau kategoria lehiatuko dira. Emakumezko gazteen kategorian hiru taldek lehiatuko dute, Isuntza, Kaiku eta Ondarroak. Gizonezko gazteen kategorian, berriz, bost trainerilla arituko dira, Zierbena, Itsasoko Ama, Kaiku, Ondarroa eta Deusto.
Bestalde, absolutuen kategorian, emakumezkoen sei talde lehiatuko dira, Portugalete, Kaiku, Deusto, Mundaka, Elantxobe eta Ondarroa. Gizonezkoen absolutuan, berriz, zazpi taldek izena eman dute, hain zuzen ere, Zierbena, Itsasoko Ama, Bermeo, Mundaka, Isuntza, Ondarroa eta Elantxobe.
Zapatuan sailkapen estropadak lehiatu, eta emaitzak eskuan izanik, domekan, 10:30etan emango diote hasiera finaleko estropadei.