Lehiakor hasi da Mutrikuko Sokatira taldea
Zapatuan lehiatu zen Azkoitian lur gaineko Sokatira Txapelketako lehenengo jardunaldia, eta Gaztedi A taldea izan zen garaile.
Azkoitian lau talde lehiatu ziren 680 kiloko lehen jardunaldian, eta hirugarren postua eskuratu zuen Mutrikuko Sokatira taldeak. Taldekideen esanetan “hobetu beharra dugula izan da taldeak izan duen sentsazioa, baina lehenengo kontaktua izan da, bidea dugu aurretik”.
Gaztedi A taldea izendatu zen garaile eta 4 puntuak eskuratu zituen. Bigarren postuan Goiherri, 3 punturekin, hirugarren postuan, mutrikuarrak 2 puntu lortuz, eta azkenik, Gaztedi B taldea, puntu bat eskuratuz. “Gaztedi A taldea oso gogor etorri da”, nagusitasunez irabazi zuen taldeak, baina mutrikuarren ahotan “gainontzeko taldeak lehiakor ibili gara, lehiaketa polita dugu aurretik”.
Asteburu honetan, 680 kiloko txapelketak jarraitu egingo du, zapatuan, Berriatuan lehiatuko da bigarren jardunaldia, hain zuzen ere, frontoiaren atzeko zelaian, 17:00etan. Domekan, berriz, 680 kiloko hirugarren, eta azken, jardunaldia lehiatuko da Deban, Calbeton Zumardian, 11:30etan.