Prostituzioaz, pornografiaz eta indarkeria sexualaz ariko dira Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo Udalak landu duen II. Berdintasun Planari lotuta egingo diren ekintzen artean Amelia Tiganusen hitzaldia egongo da barikuan [maiatzak 13], 18:00etan, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan.
Errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela ikusita, pornografia, prostituzioa eta indarkeria sexualaren inguruan eztabaidatzeko eta horien inpaktuaz hausnartzeko espazio bat eskaini nahi du Markina-Xemeingo Udalak. Helburu horregaz antolatu dute barikuan [maiatzak 13] Amelia Tiganus ekintzaile feministak eskainiko duen Prostituzioa, pornografia eta indarkeria sexuala hitzaldia.
Esperantza aretoan da hitzordua, 18:00etan, eta bertan parte hartzeko gonbita luzatu dute. “Markina-Xemeingo herritar guztiok inplikatu behar gara borroka honetan, gizarte justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko”.
Hitzaldia bideratuko duen Tinganus Errumanian jaiotako ekintzaile feminista da. Emakumeen salerosketarako sare batean harrapatua izan ondoren, bost urte luzez sexu esplotazioa jasan zuen Espainiako hainbat prostituzio etxetan. Egun, sentsibilizazio eta formazio tailerrak ematen ditu, prostituzioaz eta sexu bortizkeriaz, eta EHMA Euskal Herriko Mugimendu Abolizionista taldeko partaidea ere bada.
Hitzaldia gazteleraz izango dela aurreratu du udalak. Sarrera librea izango da, aretoko edukiera bete arte.