Mailako Txapelduna erabakitzeko partida, Zaldupen
Zapatuan [ekainak 4], 17:00etan dute hitzordua ezarrita Gazteen 1.mailako txapelduna izendatuko duen, Aurrera K.E-S.D.Leioa, partida erabakigarria jokatzeko.
Maiatzaren erdialdean Aurrerako gazteek mailaz igotzea lortu zuten, hain zuzen ere, Lehentasun Mailan jokatuko dute datorren denboraldian, Edurne Burgoak eta Xabi Iturregik zuzendutako mutilek. Leioa taldeak ere igoera lortua du, baina talde biek lorpen hori eskuan izanik ere, oraindik erabaki gabe dago ligako txapelduna zein izango den, Leioa edo Aurrera.
Hortaz, partida erabakigarria dago aurretik, hain zuzen ere, partidu bakarrera lehiatuko den final handia, zapatuan, Zaldupen. Ondarrutarrek etxean jokatuko dute, hori dela eta, taldetik deia egin diete herritarrei, zaleak Zaldupera hurbildu eta gazteei animatzera joateko.