Musikaldian parte hartuko dute Lea-Artibaiko musika eskolek
Euskal Herriko Musika Eskolen jaiak 25 urte betetzen ditu, eta, besteak beste, Tarineko, Unanueko eta Musikaiako ikasle eta irakasleak doaz Pasaian ospatuko den jaira.
Musikaz beteriko asteburua izango dute Lea-Artibaiko musika eskolek. Ondarroako Unanue Musika Eskolak eta Berriatuko eta Markina-Xemeingo Tarine Udal Musika Eskolak Ondarroako KamiƱazpi auzoko jaietan parte hartuko dute barikuan [ekainak 3], eta aurten Pasaian ospatuko den Musikaldia Euskal Herriko Musika Eskolen jaian ere egongo dira zapatuan [ekainak 4]. Lekeitioko Musikaia musika eskolakoak ere Musikaldira doaz lehen aldiz.
Tarineren Berriatuko konbo talde batek parte hartuko du KamiƱazpiko pop-rock saioan, Musikaldira, berriz, 45 lagun doaz, eskola bietakoak: trikitixa, pandero, ahots eta baita konbo taldeetakoak ere.
Barikuko jaialdia antolatu eta bertan parte hartzeagaz gainera, Unanue musika eskolako Trikitilari Taldeak , Txistu Taldeak, Akordeoi Taldeak eta 2.4-2.5-2.6 Abesbatzak Pasaian egongo dira zapatuan.
Musikaiako txistulariek eta Koral Gaztek parte hartuko dute Pasaiako Musikaldian baita biolin eta zehar txirula batzuek ere. Guztira 48 ikasle eta irakasle joango dira jaialdira.
Urteurrena. Musikaldiak 25 urte betetzen ditu aurten, eta lehen urteko formatua eta ospakizuna sustatu zuen helburua berreskuratu nahi dituzte: musika elkarregaz egitea. Horretarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 eskoletako 2.467 ikasle Trintxerpe eta San Pedroko hainbat gunetan banatuko dira jardunaldiari musika jartzeko. Jaialdia 09:45ean hasiko da Trintxerpeko Gernika plazan.
“Musika egin eta beste eskoletako musikariekin egotera goaz. Lagunekin elkartu eta beste musikari batzuekin jotzea esperientzia berezia izaten da”, adierazi dute Tarinekoek.