Mutriku eta Deba lotzen dituen zubia birgaitu da
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak, Gilen García Debako alkateak, Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eta Javier León obra zuzendariak prentsaurrekoa egin dute Debako itsasadarreko zubia birgaitzeko lanen xehetasunen berri emateko.
2018ko uztailean zubiaren egonkortasuna arriskuan jarri zuen kolapso partzialaren ondoren, Deba eta Mutriku lotzen dituen zubia erabilgarri dago berriro. Harkaitz Millan Kulturako diputatuak adierazi duenez, «egindako birgaitze lanari esker, zubiaren jatorrizko egoera berreskuratzeaz gain, haren egonkortasuna bermatu dugu, eta, gainera, instalazioak eta akaberak hobetu dira, hala nola, argiztapen apaingarria eta galtzada-harrizko zoladura; horrela, bada, zubia duindu egin da bere ondare-balioen mailaren arabera».
Gilen Garcia Debako alkateak lanen konplexutasuna aitortu du, baina herritarren egunerokora ekarri du gaia: “Debako eta Mutrikuko herritarrek lotura naturala dugu gure egunerokoan, eta bi herriak lotzen dituen zubiak horretan laguntzen du. Urteotan zaildu egin zaie hori, bereziki Urasamendiko bizilagunei, baina berriz ere berreskuratuko dugu zubiaren lanak amaituta. Obra handia izan da, eta ondorioz, albo ondorioak ere eragin dituena”. Garciak bertako bizilagunei eskerrak eman nahi izan dizkie lanek iraun duten bitartean izan duten pazientziagatik.
Lanak
Zubia Debako eta Mutrikuko udalen jabetzakoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak du eskumena Gipuzkoan kokatutako kultura-ondarea kontserbatzeko, hobetzeko eta zaharberritzeko. Zubia zaharberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Debako eta Mutrikuko udalek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, zubia erabat birgaitu arte egin beharreko jarduerak antolatzeko.
Zubia birgaitzeko obrak 2021eko apirilean abiatu ziren, eta hamahiru hilabete iraun dute. Kontratuaren adjudikazioduna Moyua-Harri aldi baterako enpresa batasuna izan zen, eta obra zuzendaritza Fhecor-Injelan aldi baterako enpresa batasunak egin du.
Harlanduzko zubia. 1866an eraikia da, eta aitortutako ondare balio handia du, babes bereziko kategoriarekin babestuta baitago Donejakue Bideko Monumentu Multzoaren barruan.
Larrialdiko lanetan bi ertzen arteko komunikazioa bermatzeko egitura bat eraiki zen, eta mantendu egin da zubia birgaitzeko obrak ia amaitu arte, horrela oinezkoentzako komunikazioa ahalbidetuz obra amaitu bitartean.
Kultura diputatuak teknikari guztien inplikazioa eta lana eskertu nahi izan du, baita ere Moyua-Harri ABEEaren lan ona, Debako eta Mutrikuko agintarien lankidetza eta bi udalerrietako herritarren ulermena, ulertu baitute zubi horrek bere ondare balioen mailako obra bat merezi zuela.