Astelehenean hasiko da martxan Trabakuako radarra
Hiru kilometro pasatxoko tartea 60 kilometro orduko abiadurara mugatuta egongo da. Abiadura neurgailuak 36 eta 40 kilometroen artean egongo dira kokatuta.
Datorren astelehenean [ekainak 6] jarriko dute martxan Trabakuako radarra. Probak egitea amaitu ostean, radarra martxan jarriko dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak. Bizkai, Gipuzkoa eta Araban ezarriko duen tarteko lehen radarra izango da. BI-633 errepidearen hiru kilometro pasatxoko tartea 60 kilometro orduko abiadurara mugatuta egongo da.
Ohiko radarrek ez bezala, neurgailu honek modu ezberdinean funtzionatzen du. Zirkulazioaren noranzko bakoitzean bi radar infragorri izango ditu, bat Durangalderako noranzkoan eta beste bat kostaldera doan galtzadan. Hain zuzen ere, 36 eta 40 kilometroen artean egongo dira kokatuta. Lehenengoak ibilgailua bertatik igarotzen den unea erregistratzen du, eta, tartearen amaieran, beste sentsore batek berriro detektatzen du. Ibilgailuak tarte hori osatzeko 60 kilometro orduko abiaduran zirkulatuz beharko lukeena baino denbora gutxiago egiten badu, abiadura hori gainditu duela antzematen du.
Zutoin bat jarri dute kamerak jartzeko, eta horren bidez ibilgailuen matrikulak irakurri eta erregistratuko dituzte.