Ondarroako ikasleek Plaiko Zubiaren zaharberritzea eta funtzionamendua ezagutu dituzte
Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek zubian egindako zaharberritze lanak azaldu dizkiete.
Ondarroako Institutuko DBHko lehen mailako 75 ikaslek Plaiko Zubiaren funtzionamenduari buruzko saio didaktiko batean parte hartu dute gaur [ekainak 3]. Foru Aldundiko teknikariek zubian egindako zaharberritze lanak azaldu dizkiete, baita lan horien barruan berreskuratu diren zubiaren biraketa mekanismoak ere. Era berean, ikasleek zubia irekitzeko eta mantentzeko aldian-aldian egin ohi diren lanak ikusi dituzte.
Ondarroako Plaiko Zubia 1927ko da. Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen, garai hartako Ondarroako alkate Celedonio Arriolaren eskariz. Dauzkan ezaugarriengatik, 2008tik, Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Orokorrean sartuta dago, Monumentuen multzoan.