Aritz Erkiaga, Donostia Grand Slameko finalista
Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarrak, Unai Lekerika atzelari gernikarra bikotekide duela, Diego Beaskoetxearen eta Imanol Lopezen kontrako partidua irabazi du, eta Donostia Grand Slameko finalera igaro da. Xabi Barandikaren eta Nicolas Etchetoren kontra jokatuko dute, zapatuan.
Donostiako Carmelo Balda pilotalekuak Donostia Grand Slameko finalaurreko partiduak hartu zituen, zapatuan. Final handirako txartela jokoan zegoen; hori dela eta, bi norgehiagoketak oso estuak eta lehiatuak izan ziren. Azkenean, goi mailako jokoaren ondoren, finalistak zeintzuk izango diren argitu zen: Erkiaga eta Lekerika Barandikaren eta Etchetoren kontra ariko dira.
Orain arte legez, 17:00etan ipini zituzten abian partiduak. Lehendabiziko finalerdian Aritz Erkiaga aurrelari ispartertarrak eta Unai Lekerika atzelari gernikarrak garaipena eskuratu zuten Diego Beaskoetxea aurrelari gernikarraren eta Imanol Lopez atzelari zumaiarraren aurka. Erkiaga eta Lekerika A multzoko lider iritsi ziren finalaurrekora, partidu guztiak irabazita, gainera. Beaskoetxeari eta Lopezi dagokienez, B multzoko bigarren iritsi ziren zita horretara, eta partidu bakarra galduta.
Lehenengo finalaurrekoa, bigarrena ez bezala, berdinketa hausteko hirugarren setera joan ez zen arren, berdintasuna izan zen ezaugarri nagusia, eta sentsazioa eman zuen bi bikoteetako edozeinek eskuratu ahal izango zuela finalerako txartela. Azkenean, Erkiaga eta Lekerika 0-2 gailendu ziren. Bi setetan emaitza estua izan zen: 13-15 eta 12-15.
Galtzaile, baina borrokalari. Erkiagak eta Lekerikak erakutsi zuten, beste behin, hautagai nagusiak direla, eta aurkari sendoen kontra sufritzen jakin zuten. Izan ere, Beaskoetxea eta Lopez borrokalari agertu ziren, 5-4 aurreratuz; hautagaiek, baina, markagailua irauli, eta 7-13ko aldea markatu zuten. Lehen seta erabakita zegoela zirudienean, beteranoek 13ra berdindu zuten, sekula etsi ez zuten seinale. Bigarren setean ere, Beaskoetxeak eta Lopezek aurreratzea lortu zuten, baina, oro har, alde oso murritzak izan ziren. Azkenengoa 11-10ekoa izan zuten. Amaieran, Erkiagak horma biko eder bat egin zuen, eta horrek finalera begira jarri zituen: 12-15.
Bigarren finalaurrekoak Xabi Barandika aurrelari gernikarra eta Nicolas Etcheto atzelari bidartarra Jean Olharan aurrelari pautarraren eta Jokin Del Rio atzelari gasteiztarraren aurka elkartu zituen; partiduak ezusteko garapena izan zuen. Lehenengoek urduri ziruditen lehen setean, eta Olharanek eta Del Riok, aldiz, eroso; 5-15 gailendu ziren. Bigarrenean, Barandika eta Etcheto jokoan sartzen joan ziren, eta 15-10 irabazi zuten seta. Berdinketa haustean, erritmo onari eutsi zioten, eta, 5-2agaz, finalera pasatu ziren. Final hori, hain zuzen, zapatuan izango da, eta goi mailako lau puntista elkartuko ditu, Donostia Grand Slama eskuratzeko lehian.