Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa martxan da
Izen ematea zabalik dago ekainaren 12ra arte. Epaimahaiak ekainaren azken astean ikusi eta baloratuko ditu parte hartzaileen lanak.
Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du laugarren urtez Mutrikuko Udalak Debegesa Debabarreneko garapen agentziarekin lankidetzan. Herritarren parte hartzearekin, herriko “ingurumen kalitatea eta itxura hobetu” nahi ditu udalak, landareei eta loreei garrantzia emateaz gain. “Herrigune atseginagoa eta ederragoa ere lortuko da, eta, bide batez, herritarren artean landareak zaintzeko ohitura sustatuko da”.
Lehiaketan parte hartu nahi duen orok, aurretiaz izena eman beharko du, ekainaren 12a baino lehenago, turismo bulegoan, turismo@mutriku.net helbidera idatzita edota esku orrietan dagoen QRa betez.
Guztira hiru sari banatuko dituzte: eskualde mailako bat eta herri mailako bi. Eskualde mailako saria 250 euroko erosketa bonua izango da, eta herri mailakoak 200 euroko eta 150 euroko bonuak. “Bonuak Bertan merkatari elkarteko kide diren saltokietan erabili ahal izango dira”. Epaimahaiak ekaineko azken astean ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.
Lehiaketaren inguruko informazio gehiago jaso nahi dutenek telefonoz deitu (943-60 32 44 –10:00etatik 14:00etara–) edo posta elektronikoa idatzi ahal dute (turismo@mutriku.net).