'Elkano Itsas Herria' proiektua Ondarroara heldu da
Barikuan heldu eta asteburua igaro du herrian 'Juanita Larando' patatxak. Erakusketa ibiltaria egon da Alamedan.
Aurten beteko dira 500 urte Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizona buru zuen tripulazioak munduari lehen bira eman zionetik. Urteurrenarekin bat eginez, eta testuinguru horretan, Elkano Itsas Herria proiektuak itsas kultura zabaltzen ari da euskal kostaldean. Juanita Larando patatxaren itsas zeharkaldia maiatzean hasi zen Getarian, eta irailean amaituko da, Ziburu-Donibane Lohizunen.
Barikuan 19:00etan iritsi zen XVIII.mendeko, Albaolako ontzi eskolan eraikitako hamabost metroko Juanita Larando patatxa portura. Handik, Zubi Zaharreraino joan zen, ondoren Plaiko Zubiaren ondoan atrakatzeko.
Ongi etorria egin zitzaien Alamedan, bertan egon zen Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea eta baita Ondarroa Arraun Elkarteko arraunlariak ere. Iluntzean, Itsasaurreko zubia eta Plaiko Zubia igaro baitzuten arraun elkarteko gazte mailako mutilek, Elkano Fundazioko kideen laguntzaz.