Lekitto Bedarraren tailer berria mahastien inausketa berdea eta sandia eta meloiak zelan landatu ikasteko
Eguen honetan [ekainak 9] ere ortugintzari lotutako ikastaroa eskainiko du Lekeitioko Lekitto Bedarra taldeak Lekeitioko Usotegiko herritarren ortuan. Bi ataletan banatuta egongo da tailerra.
Alde batetik, mahastien inausketaz jardungo dute, eta bestetik, sandiak eta meloiak landatu eta ekoizteko jakin beharrekoak emango dituzte ezagutzera Lekitto Bedarrak eguenerako [ekainak 9] antolatu duen tailerrean.
Inausketa tailerra Anton Onaindia txakolin ekoizpenean aditu eta Pipas Txakolindegiko jabeak emango du. Bere eskutik ikasiko dute parte hartzaileek sasoi honetan egin behar izaten den inausketa berdea zelan egin. Hau da, ze adar aukeratu behar duten kentzeko eta zeintzuk utzi hazten datorren urtera begira. “Luxu bat dugu horrelako aditu eta maisua gure tartean izatea; orain arte berak emandako ikastaroak oso jendetsuak izan dira”, azaldu dute Lekitto Bedarrakoek.

Tomate ikastaroa. Argazkia: Lekitto Bedarra
Tailerraren bigarren zatian, berriz, Lur Berrik ekarritako landareak landatuko dituzte Usotegiko baratze alor bitan. “Iaz arrakasta handia izan genuen sandiekin, eta 7 kiloko aleak lortu genituen. Nahiz eta klimagatik uste den ez dela fruitu handi eta zapore onekorik lortzen, ideia hori gure esperientziagaz ezeztatuko dugu. Hainbat aholku emango ditugu bi fruitu horiekin emaitza onak lortzeko”.

Iazko sandiak. Argazkia: Lekitto Bedarra
Orain arte modura, tailerrak doakoak izango dira, eta orain arte egindako tailerretan izandako erantzun ona izatea espero dute antolatzaileek. Hala, interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera. Tailerra 17:00etan hasiko da, eta ordu bete inguruko iraupena izango du.