Mutriku Sokatira eta Gaztedi B hirugarren postuaren lehian
Zapatuan lehiatu zen Laukizen lur gaineko 2022ko Euskadiko Sokatira Txapelketako 640 kiloko bigarren jardunaldia, eta hirugarren postua lehiatu ostean, puntuazioa banatu behar izan zuten mutrikuarrek Gaztedi B taldekoekin
Sei talde lehiatzeko prest zeuden zelaian, ohi bezala; Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C, Goiherri, Akelarre eta Mutriku. Orain arte bezala, Gaztedi A izendatu zen garaile, 6 puntu etxeratu zituen, eta horrek sailkapen orokorreko lehen postuan jarraitzea ahalbidetu zion.
Bigarren postuan, Goiherri taldeak eskuratu zituen 5 puntuak. Hirugarren postua, berriz, lehiatua izan zen. Hain zuzen ere, mutrikuarrek eta Gaztedi B taldeak lehiatu zuten 4 puntuak eskuratzeko tira bira, eta azkenean, berdintasuna eskuratuta hirugarren eta laugarren postuei dagozkien puntuazioak banatu eta 3,5 puntu eskuratu zituen talde bakoitzak. Mutriku Sokatira Taldeak 7,5 puntu ditu, hortaz, sailkapen nagusian, Saturraranen 4 puntuak lortu baitzituen lehen jardunaldian. Akelarre taldeak bi puntu eskuratu zituen, eta Gaztedi C taldeak puntu bakarra eraman zuen.
Hurrengo lehia, hirugarren eta azken jardunaldia izango dena, ekainaren 11n izango da, Erandion. Bertan gertatzen denaren arabera itxiko da lur gaineko 2022ko Euskadiko Sokatira Txapelketako 640 kiloko sailkapena.