Xabi Vegas eta Oihana Kortazar garaile, Arnoko mendi lasterketan
179 lagunek osatu zuten oinezko ibilbidea, eta 80 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan.
Atzo lehiatu zen Burumendi Mendizale Elkarteak antolatutako Arnoko mendi lasterketa eta ibilbidea, eta eguraldia lagun izan zuten Mutrikura hurbildu zirenak.
Ibilbidea oinez egin zutenak, 179 lagun izan ziren zehazki, aurretiaz izena eman zuten 121 eta, egunean bertan animatu ziren 58. 08:00etan eman zioten hasiera ibilbideari Txurruka Plazatik, Arno mendia igo zuten, ondoren Kostolamenditik igaro eta Pikupera jaisteko, Galdonara igo eta berriz Txurruka Plazara bueltatzeko, 22 kilometroko ibilbidea osatuz.
10:00etan, berriz lasterketa burutu nahi zuten korrikalariak abiatu ziren, ibilbide berdina egiteko asmoz. 88 korrikalarik eman zuten izena, baina 83 abiatu ziren azkenean. Ibilbideko gorabeherak bide, 80 heldu ziren helmugara.
Hasiera batean euria egingo zuenaren beldurrez egon ziren arren, zortea izan zuten Mutrikuko ibilbideaz gozatzera joan zirenak. Ibilbide politagaz gozatu eta helmugaratzean, merezitako errekonozimendua jaso zuten, Txurruka Plazan zegoen giroa paregabea baizen. Asko izan ziren helmugara hurbildu ziren herritarrak, ibilbidearen amaiera ikusteko.
13:15ean lasterketaren sari banaketagaz hasi ziren. Gizonezkoen sailkapenean Xabi Vegas elgetarra izendatu zen garaile, 1 ordu, 45 minutu eta 29 segundoko denboragaz. Oier Kareaga markina-xemeindarra izan zen bigarrena, 1 ordu, 45 minutu eta 56 segundoko denbora osatuta, eta Xabi Astigarraga mutrikuarrak osatu zuen podiuma 1 ordu, 47 minutu eta 36 segundogaz.
Emakumezkoen podiuma berriz, Oihana Kortazar korrikalariak zabaldu zuen, 1 ordu, 47 minutu eta 48 segundoko denbora osatuz. Bigarren sailkatua, Eneritz Basurko ondarrutarra izan zen 2 ordu, 15 minutu eta 3 segundogaz, eta Leire Olazabal debarrak osatu zuen podiuma, 2 ordu 18 minutu eta 58 segundotan ibilbidea osatuaz.