Aurrerako gazteak lehen mailako txapeldun izendatu dira
Leioaren aurka Zaldupen 5-1 nagusitu ziren zapatuan [ekainak 4] Edurne Burgoarenak, atsedenaldian 0-1 galtzen joan ostean
Aurrerako lehen mailako gazteek ezin izan diote denboraldiari amaiera hobea eman, sasoi borobila osatu dute. Lehen fasea 80 puntugaz lider amaitu ostean, eta behin datorren denboraldian Lehentasunezko mailan jokatzeko eskubideagaz, beste multzoko liderraren aurka neurtu zituzten zapatuan [ekainak 4] indarrak Zaldupen. Lehen mailako erabateko txapelduna zehaztu beharra zegoen.
Giro bikaina sortu zen beste behin futbol zelaian, zalegoak ez zuen hutsik egin. Partida, berriz, ez zen ondo hasi ondarrutarrentzako. Lehenengo zatian Leioa nagusi izan zen berdegunean, jokoaren ekimena kanpotarrena izan zen guztiz, eta horrela sartu zuten gola. Atsedenaldirako Aurrekoak 0-1 galtzen zindoazen. Aldageletatik pasa ostean Aurrerak partida irauli zuen. Etxeko entrenatzaileek zenbait aldaketa osatu zituzten eta ekimena talde batetik bestera aldatu zen, orain ondarrutarrena zen baloiaren jabetza. Horrela, bata bestearen atzetik, 45 minututan bost gol sartzea lortu zuten etxekoek zaleen eromenerako: Enetz Leonek eta Aiert Azkuek bina gol eta Beñat Gorostizak beste bat. Igoera eta garaikurra Aurrerarentzako.
Taldetik txapelketaren eta igoeraren garrantzia azpimarratu nahi izan dute, “gure egitura kontuan hartuta, oso garrantzitsua da jubenilak maila bat gorago aritzea, lehen mailatik lehentasunezko mailara jauzi egitea. Lehiakortasuna askoz handiagoa da eta azken batean hori da gazteek behar dutena, gero nagusien taldera sartzeko”. Edurne Burgoak eta Xabi Iturregik zuzentzen duten taldeko kideen lana eta konpromisoa balioan jarri nahi izan dute eta estrategikotzat jo dute denboraldia.