Lea-Artibaiko eta Mutrikuko 177 musikarik eta abeslarik jarri diote doinua Musikaldiari
Pasaiako txoko guztiak musikaz bete zituen zapatuan [ekainak 4] Euskal Herriko Musika Eskolen jaialdiak, eta bertan egon ziren baita Lea-Artibai eta Mutrikuko musika eskoletako ikasle eta irakasleak ere.
Guztira, aurtengo Musikaldia jaialdiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 Musika Eskoletako 2500 ikasle batu ditu. 10:00etatik 18:30ak arte Trintxerpe eta San Pedro artean banatutako agertokietan jo eta abestu zuten eskola ezberdinetako musikari eta abesbatzetako kideek elkarregaz.
Musikaren jai handia izan zen zapatukoa. 388 lagunek parte hartu zuten trikitixa eta pandero jotzaileen kalejira handi batean, 650 ahotsetik gorako abesbatza osatu zen, 300 musikariz osatutako banda, 180 partaideko txistularien alardea, ia 200 kideko orkestra sinfonikoa, 100 laguneko akordeoi orkestra handi bat, 90 gitarretako talde bat, piano, ganbera eta perkusio guneetako 85 partaide eta 130 laguneko konbo handi bat. Pasaiako badiara ere zabaldu zuten musika, albokari, dultzainero eta gaitariekin paseatzen ibili den ontzi bati esker.
Ondarroako Unanue Musika Eskolak, Berriatuko eta Markina-Xemeingo Tarine Udal Musika Eskolak eta Mutrikuko Musika Eskolak parte hartu zuten Musikaldian, eta lehen aldiz bertan egon dira, baita ere, Lekeitioko Musikaia musika eskolakoak.
Tarine Udal Musika Eskolako 45 lagun joan ziren Pasaiara, Berriatuko zein Markina-Xemeingo eskolakoak: trikitixa, pandero, ahots eta konboetako kideak. Unanue musika eskolatik berriz, 23 lagun, trikitilariak, txistulariak, akordeoilariak eta abesbatzako ikasleak, eta Musikaia Musika Eskolatik guztira, 44 ikasle eta irakasle joan ziren; flautak bandan parte hartu zuten, biolinak orkestran, Koral Gaztek abesbatza handian eta lau txistuk txistularien bandan. Ikasleek “oso ondo” igaro zutela azaldu dute Musikaiakoek: “Oso gustura egon ziren eta jotzeagaz gainera emanaldi desberdinak ikusteko aukera eduki zuten”.
Talde handia joan zen Mutrikutik Pasaiara ere; 50 laguneko taldea, hain zuzen ere. Anaiarte Abesbatzako kideek, Trikitixa taldeak, Madalen Txikik eta Koraleko abeslariek ere jarri zioten doinua egunari.